Esanahiz betetako elastikoak Touringen
Errenteria-Oreretako kirol elkartearen emakumeen nahiz gizonen lehen taldeek hainbat aldarrikapen zabaldu dituzte elastikoen bitartez.
Asteburuan Touring Kirol Elkartearen emakumeen eta gizonen talde nagusiek lehiarako erabili dituzten elastikoak (bigarren elastikoak izan dira, etxetik kanpo jokatzen zutelako eta etxeko taldeek antzeko kamisetak dituztelako) esanahi eta aldarri askoneko mezuekin joan dira. Bi hamaikakoetan eta ordezko jokalarien zerrendan izan direnen kirol ekipazioaren aurrealdean, Berdintasuna, Indarkeriarik ez, Euskaraz bizi, Homofobiarik ez, edo Sexu jazarpenik ez mezuak irakur ahal izan dira.
Emakumeen Erregional Ohorezko Mailako Taldeak Leintz Aramendiren kontra jokatu zuen Arrasaten (3-0 bukatu zen partida). Gizonen Erregional Ohorezko Mailakoak, berriz, Elgoibarren (3-3). Bietan argi gelditu zen herriko klubak, kirol balioak izateaz gain, gizarte balioak ere dituela.
Taldeko zuzendaritza batzordeko kideek HITZAri adierazi diote mezu horiek bigarren ekipazio horietan mantenduko dituztela, hau da, tokatzen den aldiro lau haizetara zabalduko dituztela aldarrikapen horiek.