Hitzarmena sinatu da Gizatea gizarteratzeko eta laneratzeko enpresarekin
Erenteriako Udalak Gizatea elkartearekin hitzarmena sinatu du laneratze enpresa zein gizarte ekimeneko enplegu zentro bereziei erreserbatutako kontratuak izan daitezkeen kontratuak identifikatzeko.
Errenteriako Udalak hitzarmena sinatu zuen atzo Gizatea Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartearekin. Akordio honen helburua da laneratze enpresa zein gizarte ekimeneko enplegu zentro bereziei erreserbatutako kontratuak izan daitezkeen kontratuak identifikatzea.
Hitzarmen horren bidez, Gizateak udalaren kontratuak aztertuko ditu eta gizarte inklusiorako erreserbatutako kontratuak izan daitezkeenak proposatuko ditu. Tankera horretako kontratuen berezitasuna da parte hartzeko eskubidea mugatzen dela, izan ere, laneratze enpresak eta gizarte ekimeneko enplegu zentro bereziak baino ezingo dira aurkeztu eta onartu. Legez, zenbait lizitaziotan parte hartzeko eskubidearen erreserba portzentajea ezarri behar dute administrazio publikoek bi enpresa mota hauei dagokionez: laneratze enpresak eta gizarte ekimeneko enplegu zentro bereziak. Administrazio publikoek, gainera, erreserba bete dadin bermatzeko gutxieneko baldintzak ezarriko dituzte.
Atzo goizean eginiko agerraldian, Aizpea Otaegi alkateak adierazi zuen “agintaldi planean jasota dagoela kontratazioaren baitan klausula sozialak lantzea, eta laneratze enpresa zein gizarte ekimeneko enplegu zentro bereziei erreserbatutako kontratuen gaineko gogoeta egitea”. Horrez gain, alkateak zehaztu zuen horiek ahalbidetzea urrats garrantzitsua dela kontratazio publikoa beste termino batzuetan ulertzeko eta beste balio batzuen gainean eraikitzeko: “Gizarte berdinzaleagoa, inklusiboagoa eta ekitatean oinarritutakoa eraikitzeko bidean garrantzitsua da aukerak sortzea enpleguratzeko garaian zailtasun handienak dituzten pertsonentzako”. Egun, Errenteriako Udalak badu esperientzia esparru horretan, izan ere, eskualdeko lau udalerrien artean sortu eta sustatzen den Badia Berri gizarteratze enpresa Gizateako kide da.
June Polok, Gipuzkoako Gizateako ordezkariak, Gizatearentzako hitzarmena “garrantzitsua” dela azpimarratu zuen: “Orain arte gizarteratze enpresak sustatzea entitate sozialetan eta haien lanean oinarritu da, baina beharrezkoa da beste aurrerapauso bat ematea Gipuzkoan, eta gizarteratze enpresa gehiago sortzea denen arteko elkarlanean oinarritu behar da, eta hor elkarlan publiko-pribatu bat behar da. Hitzarmen honek hori ahalbidetzen duela adierazi du, kasu honetan Errenteriako Udalarekin”.
Horrez gain, Gizatearen koordinatzaile den Joana Revillak eutsi zuen elkarlanean aritzeko aukera Gizateak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin gauzatu zuen proiektu baten eskutik sortu zela:”Proiektu horren bidez, laneratzeko enpresa berriak sortzeko aukera edo Gipuzkoako laneratzeko enpresentzako jarduera ildo berriak identifikatu nahi ziren. Horretarako, hainbat ildotan lan egiten dute: bata, eragile publiko sozial eta pribatuen ekosistema bat sortzearekin zerikusia zuena, laneratzeko enpresen edo jarduera ildo berrien sorrera hori ahalbidetzeko, eta, bestetik, negozio aukerak identifikatzea, non dagoen sortzeko aukera. Eta gaur aurkeztuko lankidetza Erein proiektuaren esparruan egin zen aurretiazko lan horren emaitza da”.
Azkenik, elkarlanean ariko diren bi erakundeek berretsi zuten espero dutela lankidetza horrek lan aukerak sortzea egoera ahulenean dauden eta lan merkatu arruntera iristeko zailtasun gehien dituzten kolektiboentzako, esparru horretan lan egiten baitute gizarteratzeko enpresek.