Lezoko kirol guneetako abonua izateagatik, beste 62 herritako instalazioak erabiltzeko aukera
Kiroltxartela Mugiment egitasmoaren barne dago Lezo. Horren arabera, beste 62 herritan dauden 114 kirol instalazio erabiltzeko aukera dute lezoarrek.
Kiroltxartela Mugiment egitasmoarekin bat egin du gaur Lezoko Udalak. Horren arabera, Lezoko kirol guneetako abonua dutenek Bizkai, Araba eta Gipuzkoako beste 62 herritako (momentuz) kirol instalazioak erabiltzeko aukera izango dute, herri horietako abonatuek dituzten baldintza berberetan. Hau da: doan diren zerbitzuak nahiz ordainpekoak, herri horietako kirol guneen bazkideen kondizio berberetan erabiltzeko aukera izango dute lezoarrek. Alta, beste 62 herri horietako abonatuek ere erabili ahal izango dituzte Lezoko instalazioak, herrikoek egiten duten modu berberean. Dena dela, herri bakoitzak erabakitzen du egitasmoaren barruan zein zerbitzu sartzen dituen, nahiz ordutegiaren araberako aukerak. Oarsoaldeko lehen herria da Lezo proiektuarekin bat egiten duena.
Gaur aurkeztu dute egitasmoa Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak, Irlentz Ortega Lezoko Udaleko Kirol zinegotziak, eta Jesus Mari Martiarena alkateak. Redondok nabarmendu du gizarte aktiboa eta sedentarismotik at dagoena nahi duela Eusko Jaurlaritzak, eta bide horretan, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan dauden kirol instalazio “bikainak” baliatzeko aukera zabaldu nahi dutela. Hala, kirol guneetarako abonatu txartelak dituzten 95 herri daudela jakinarazi du Redondok, eta horietatik 63k jada egin dutela bat egitasmoarekin. 2024rako helburua jarri dute: herri horiek guztiek bat egitea Kiroltxartela Mugiment-ekin.
Egitasmoaren abantailetan sakontzeko, zifra gehiago eman ditu Jaurlaritzaren ordezkariak: 63 herri horietako 114 kirol instalazio erabiltzeko aukera dute horrekin bat egiten dutenek, 900 jarduerako eskaintzarekin. Bizkail, Araba eta Gipuzkoan 25.000 erabiltzaile ditu jada proiektuak.
Zer egin behar da?
Egitasmoarekin bat egiteko, Kiroltxartela Mugiment-en sakelako telefonoetako aplikaziora edo webgunera joan behar da (handik aplikazioa jaisteko). Behin aplikazioa izanda, Lezoko kirol txartelaren datuekin izen-emate orria bete, eta agiria jasoko dute eskatzaileek. Beraz, lezoarrak beste 62 herrietako kirol instalazioak erabiltzera doazenean sakelako telefonora jaitsiko den agiri telematiko hori erabili beharko dute kirol gune horietan sartzeko.
Adibide bat eman du Redondok gaurko aurkezpenean: Lezoko kirol guneetako abonua izan eta aplikaziotik agiria lortu dune lezoar batek, Bilbo, Eibar edo Beasaingo instalazioak (herri horiek ere atxiki dira sistemara) erabiltzeko aukera izango du, herri horietako abonatuen baldintza berberetan. Proiektuaren barne dauden herrien zerrenda ikusteko, joan Kiroltxartela Mugiment egitasmoaren webgunera.