Topoaren lurperatzeari buruzko informazio saiorako sarrerak, agortuta
Dagoeneko gonbidapena eskuratu ez duen inor ezingo da bertaratu datorren asteazkeneko aurkezpenera. Bi egunetan bete da aretoko edukiera.
Joan den astelehenean (urtarrilak 31) iragarri zuen Pasaiako Udalak Antxoko topoaren lurperatze lanen nondik-norakoak aurkezteko informazio saio irekia eskainiko zuela Euskal Trenbide Sareak. Bi egun oso ere ez dira igaro ordutik, eta sarrerak agortuta daude dagoeneko.
Udal arduradunek argi adierazi zuten gonbidapena aurretik eskuratu ez duen inor ezingo dela bertaratu Kultur Etxera, egoera epidemiologikoak hala eskatuta.
Hedabide honek jakin ahal izan duenez, badira aurkezpenera joateko asmoa izan, eta sarrerarik gabe gelditu diren antxotarrak; SOS Antxo Koordinakundeak arrisku horri aurrea hartu nahi izan zion joan den urtarrilaren 25ean herritarren 1.510 sinadurak udaletxean erregistratu zituenean, izen-abizenekin batera eskaera garbi bat egin baitzioten kideek alkatetzari: “Bilera informatiboa lokal zabal batean egiteko, bertara sartu nahi duten guztiei bertaratzeko aukera emateko”.