Domino efektua sortu, animalien sufrimendua buka dadin
Badator aldaketa esaldiaren ondoren, domino fitxa eroriak ezker-eskuin ikus daitezke, margotuta, probalekuko goiko mailan. Errenkada bukaerako fitxak talkaren gorria du, eta eskaileran zartadurak atzematen dira, harria kraskatuta balego bezala.
Domino fitxa eroriek hurrengo mailara jauzi egiten dute, eta oraingoan eskuin-ezkerreko noranzkoan doaz; beste harri bat zartatuta. Horrela, bosgarren mailara arte: piezen segidaren azken txanpan, zutik dauden fitxak ikus daitezke. Bukaeran, lelo bat: Aska Itzank Animaliyak.
«Aldaketa oraingoz osoa ez denez, bukaerakoak erori gabe daude», zehaztu du Eñaut Retegi Aska Itzank Animaliyak (AIA) taldeko kideak. Aldaketa aipatzen duenean, animaliek sufritzen ez duten festei buruz ari da. Nora Velez del Burgo taldekideak aitortu du kontziente direla oraindik pauso asko daudela emateko, eta agian zutik dauden pieza gehiago margotu behar zituztela.
Taldea orain dela urtebete pasatxo hasi zen, helburu argiarekin: animaliak festetan ez erabiltzea. Esan dutenez, beraien lanaren gaineko zuzeneko kritikarik ez dute jaso, baina pasa den udan bi aldiz suntsitu zieten animaliek festetan pairatzen duten sufrimendua azaleratzen zuen erakusketa.
Erresistentzia maila ezberdinak sumatu ditu Retegik: «Adibidez, idi-demarekin, jende asko egon daiteke kentzearen alde, baina animaliak erabiltzen diren haurrentzako ekitaldietan ez dute ikusten animalien kontrako hainbesteko indarkeriarik».
Velez del Burgok esan duenez, sentsibilizazio lanean aritu dira orain arte, eta ez dute jai batzordeetan parte hartzeko aukerarik izan, pandemiagatik. «Jai batzordea iristean, ikusiko dugu benetan nora artekoak diren erresistentzia horiek. AIAren helburuetako bat da horrelako jarduerak diru publikoarekin ez finantzatzea», gaineratu du.
Xanistebanetako idi-dema —adibidez— kentzea beraientzako «garaipen txikia» izango litzateke, eta auzoetako festetarako «meloia irekiko» luke. «Gogotsu» daude dituzten ideiak mahai gainean jartzeko, oraindik ez baitira antolatzaileekin aurrez aurre elkartu. Hori bai, argi utzi dute ez dutela «inoren kontra» joateko asmorik.
«Pentsatu nahi dugu jendeak badakiela gaizki dagoela animaliak sufriaraztea, eta hori defendatzen badute, ohituran oinarritzen direlako dela». AIAk bere argudioak bideoen bidez azaldu zituela gogorarazi dute.
Alternatibak
«Interesgarria izango litzateke herriari galdetzea zer egin nahi duen», proposatu du Velez del Burgok. Izan ere, AIAren ustez, «guztion diruarekin» ordaintzen diren festetan herritar guztiek egon behar dute eroso, urraketarik gabe. «Zerbait ongi ez dagoela ikusten bada, aldatu egin behar da».
Animaliak erabiltzen diren jardueren ordezko ekitaldiak pentsaraztera gonbidatu dituzte. «Idi-proben eta abarren antolatzaileei ez diegu esan nahi zer egin behar duten, beraiek antolatu beharko lukete alternatiba».
AIAk iragarri du bere sentsibilizazio lanarekin jarraituko dutela, kalean zein ikastetxeetan. Hausnarketa jarri nahi dute erdigunean. Taldearekin bat egitera gonbidatu dituzte oiartzuarrak (idatzi AIAren helbide eleketronikora).
Hiru egun eman zituzten murala egiteko. Badakite animalien sufrimendurik gabeko festetara iristeko bidea luzeagoa dela eta ez dela samurra izango, baina lanean jarraituko dute, azkeneko fitxa bota arte.