Lezoko emakumeen argazkiak bidaltzeko azken egunak
Martxoaren 8ko egitasmoen harira, emakumeek herriaren bilakaeran betetako rol eta funtzioen inguruko erakusketa osatzen ari dira. Argazkiak bidaltzeko epea otsailaren 14an bukatzen da.
Erakusketako argazkietako bat. Martxoaren 8rako hilabete eskas geratzen denean, herriko emakumeen erakusketa osatzen ari dira Lezon. Ekimena hezkidetza mahaia osatutako eragileek abiatu zuten: Berdintasun eta Kirol sailak, osasun zentroa, Lezoko institutua, Kuadrillategi, Pasaia-Lezo Lizeoa, Herri Eskola, Haurtxokoa eta kale hezitzaileak.
Historia, jakintzaren beste esparru asko bezala, androzentrikoa da, hau da, gizonak izan ohi dira erreferente. Hori dela eta, emakumeak eta euren jakintza, rol eta funtzioak baztertuak izan dira kasu askotan. Haiek egindakoari balore gutxi eman zaio eta ikusezin izan dira, nahiz eta bizitzaren bilakaeran eta herriaren garapenean funtsezko rola jokatu duten.
Egitasmoaren helburua da memoria historiko eta aitorpen ariketa bat egin eta emakumeek historian barrena, herriaren bilakaeran betetako rol eta funtzio garrantzitsuak ikusaraztea; hala nola, dendari, ostalari, irakasle, euskaltzale, emagin, erizain eta baserritar bezala burutu duten lana goraipatzea. Horretarako, herriko familiei euren sendietako emakumeen argazkiak bidaltzea eskatzen zaie, bilduma osatu ahal izateko.
Argazkiak bidaltzeko epea otsailaren 14an, astelehena, bukatzen da. Argazki horiek bi modutara bidali daitezke: Udaleko Berdintasun sailera eramanez, edo eskaneatuta udalak horretarako prestatutako webgunean.
