Udala Arramendi 3, 5 eta 7ko bizilagunekin bildu da
Udala babes ofizialeko etxebizitzetako bizilagunekin bildu da alokairu babestuen hurbileko etorkizunaren inguruko kezkez mintzatzeko. Apirilaren 16an bukatzen da Eusko Jaurlaritzak Jaureguizar enpresarekin duela 15 urte sinatutako hitzarmena.
Arramendi pasealekuko etxebizitzak. Errenteriako Udaleko Gobernu Taldeko ordezkariak Arramendi pasealekuko 3, 5 eta 7 zenbakietako babes ofizialeko etxebizitzetako bizilagunekin bildu ziren asteazkenean, udalak eta bizilagunek alokairu babestu horien hurbileko etorkizunaren inguruan duten kezka argitzeko.
Ziurgabetasun horren arrazoia da apirilaren 16an bukatuko dela Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak Jaureguizar enpresarekin duela 15 urte sinatutako hitzarmena, eta horrek aukera ematen dio enpresari etxebizitzak salgai jartzeko.
Etxebizitza horietan bizi diren familiek eta pertsonek etxebizitza horietara sarbidea izan zuten Etxebiden etxebizitza eskatzaile gisa. Horietako askok ezingo dituzte etxeak erosi, eta, hortaz, haien etxeetatik kanpo geldi daitezke. Horrez gain, antzinatasuna galdu dute alokairu publikoko etxebizitzen eskatzaile gisa, eta zaila izango dute horietako bat eskuratzea.
Udalak gogorarazi du, udalak berak bere garaian Eusko Jaurlaritzari utzitako orube bat dela, babestutako etxebizitza eraiki zezan, eta Jaureguizar enpresak funts publikoak izan dituela etxebizitza horiek eraikitzeko. Hortaz, familia horiek bizi duten egoera ezin dute alde batera utzi.
