Datorren asteazkeneko bilerara deitu du SOS Antxok
Koordinakundeak "poza" ageriko egin du bilera lekualdatu izanagatik, eta antxotarrei dei egin die topaketan "modu aktiboan" parte har dezaten.
SOS Antxo Koordinakundeak “poza” adierazi du Pasaiako alkatetzak topoaren obrei buruzko bilera lekualdatzeko berriki harturiko erabakiagatik. Herri taldearen arabera, handia da bizilagunen arteko kezka datozen urteotako (5etik gora) obrengatik.
“Lehenengo aldiz izango dugu aukera galderak egin eta erantzunak entzuteko”, poztu dira. Hainbat elementurekiko kezka berezia dute: egungo biaduktuaren etorkizuna, Azoka ordezkatzeko irtenbideak, aisialdirako espazioak, edota Luzuriaga eraberritzeko aurreikusitako planak, besteak beste.
Udal agintariei galdegin diete informazioa “behar diren bideetatik” emateko bizilagunei, eta bilerarako sarbidea errazteko, besteak beste, sarrerak Internet bidez lortzeko aukerarik ez dutenei. Horrekin, antxotarrei dei egin die Koordinakundeak, bilerara bertaratu eta “modu aktiboan” parte har dezaten.
