Gipuzkoako VI. Orientazio Liga herrikoia Trintxerpen abiatuko da
Chema Mediavillak sorturiko mapa hartuko da oinarri, probaren zati handiena hiri-eremuan gauzatuko delarik. Ostegunera arte inskriba daiteke.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2022/02/captura-de-pantalla-2022-02-08-a-las-14-37-45.png)
Trintxerpeko pilotalekuan hartuko du abiada Gipuzkoako VI. Orientazio Liga herrikoiak, datorren igandean. Irteera eta helmuga kirol eremu berean izango dira, eta probaren %95a barrutiko hiri-eremuan gauzatuko dela aurreratu dute antolatzaileek.
Orientazio ariketarako mapa Chema Mediavillak sortu zuen joan den urteko azaroan, eta hura, IOF-en (Nazioarteko Orientazio Federazioa) arauak jarraiki 1:4000 eskalan inprimatuko da.
Parte hartu nahi dutenek ostegunera arteko (hilak 10) epea izango dute, gaueko 22:00ak jo bitarte, izena emateko. Ohartarazi dute parte hartzea aurreikusitakoa baino handiagoa bada, izen ematea lehenago itxiko dela. Parte hartzaile guztiek izena eman beharko dute, nahiz eta laguntzaile moduan soilik joan soilik. Ez da izen ematerik onartuko egunean bertan, eta esteka honen bitartez egin beharko da, beraz, aldez aurretik.
Egitaraua
Harrera gunea izango den pilotalekuko ateak 09:00etan zabalduko dizkiete parte hartzaileei. Ordu erdi beranduago abiatuko dira lehen irteerak, eta behar dutenei hastapen ikastaro laburra eskainiko diete 10:00etan. Azken irteerak 12:00etan egingo dira eta 14:00ak jota itxiko dute helmuga.
Ibilbideari dagokionez, antolakuntzak nabarmendu du guztiz debekaturik izango dutela parte hartzaileek igogailuak eta eskailera mekanikoak erabiltzea, “bestela probaren eta trazatuaren izaera hutsaltzen baita”.