Topoaren lanei buruzko erakusketa ostegunean jarriko dute ikusgai
Hilabetea bukatu arte egongo dira zabalik Kultur Etxeko ateak material grafikoa kontsultatzeko. Iradokizunetarako kutxa bat ere jarriko dute.
Lurpeko topo geltoki berria sortzeko obren nondik-norakoak azaltzeko informazio saioaren hurrengo egunean (datorren osteguna, hilak 10), horien xehetasunak jasoko dituen erakusketa bat jarriko dute ikusgai Kultur Etxean.
Aretoko ateak zabalik egongo dira hila bukatzen den arte, eta bertaratzen direnek panel, irudi eta orotariko material grafikoa kontsultatu ahal izango dute, euren kezka eta iradokizunak udalari helaraztearekin batera. Azken horretarako, kutxa bat topatuko dute bizilagunek kultur aretoan bertan.
Udal arduradunek gogora ekarri dute oraindik ere eskura daitezkeela biharko aurkezpenerako sarrerak, udal webgunearen bitartez. 19:00etatik aurrera, Izaskun Gomez alkateak eta Euskal Trenbide Sareko arduradun tekniko nagusiek lanei buruzko informazioa emango dute Ibaiondo pilotalekuan.