Lezoko-Jaizkibel mendiko lasterketa: osagai gutxiagorekin, baina menua izugarri ona da
COVID-19aren kontrako neurriek nolabait baldintzatuta, baina indarrez dator Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketaren zortzigarren ekitaldia.
2021eko hutsunearen ondoren, prest da Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketaren zortzigarren edizioa. Gaur aurkeztu dute antolatzaileek (Lezotarrak Lasterkari Taldea eta Xoxolur Mendi Kluba) hilaren 20an egingo den lehia. COVID-19ari lotutako osasun segurtasun neurriengatik hainbat atal kendu ditu antolakuntzak, baina lasterketaren esentzia ez da galdu. Osagai gutxiagorekin, baina menua izugarri erakargarria da. Ixkulin, Allerru eta Tiñeluko parajeak korrikalarien zain daude.
Menuaren handitasuna adierazteko hainbat datu eman dituzte gaurko agerraldian antolatzaileek. Adibidez, urtarrilaren 1ean zabaldutako izen ematea, egun horretako 12:00etan itxi zuten. Hau da, hamabi orduan 350 dortsalak agortu egin ziren. Gainera, proba 14,2 kilometroak (1.200 metroko desnibel metatua), zeharkatuko dituztenetatik gaindi doala adierazi dute, egunean bertan dena ondo atera dadin espresuki lanean 150 boluntario egongo direlako. Herriaren babes eta inplikazio osoa du. Hori bakarrik ez. Menuaren zabalera keinu txikiekin ere dator: aurtengo edizioan Irungo Harrera Sareari aitortza egingo diote, dortsalagatik partaideek emandako elkartasun euroa haientzat izango delako; eta aldi berean, herriko txirrindularitzaren alde egindako lanagatik Joxemi Badiola omenduko dute.
Antolatzaileak menuaren osagai gehiago eman dituzte gaurkoan. Saltsa handitan sartu gabe, proban izango diren izen ezagunen (edo faboritoen) zerrenda bat kozinatu dute. Emakumeetan, Mayi Mujika elgoibartarra Lezon egotea “ohorea” dela esan dute, iazko Mendiko Lasterketako Munduko Kopan bosgarren izandakoa; Lurdes Oiartzabal nahiz Iratxe Etxegoien lezoarrak, eta Uxune Tena zerrenda horretan jarri dituzte. Gizonetan, beste lezoar bat faborito: Ander Iñarra. Haren pare izango dira bi hondarribiar: Iker Oliveri lasterketa hainbatetan irabazi duena, nahiz Joxe Amunarriz lehen posturako hautagai ia eternoa (hirugarren behin izan da, lautan bigarren). Beñat Katarain, Igor Amantegi, Ibai Madina, Hodei Lujanbio eta Mikel Oliveri ere izango dira herrian.
Gainera, menuaren beste osagaietako bat Lezo Mendi Film da. Aurten mendi lasterketen gaineko literaturari eta ikus-entzunezkoei tartea emango diete antolatzaileek hilaren 17an. Gezalan, 19:30ean hasita, Iker Karrera, bidea ipar liburua aurkeztuko du Unai Ugartemendia egileak, Iker Karrera goi mailako mendiko lasterkariarekin batera. Ondoren, Iker. Mendia. Etxea dokumentalaren proiekzioari ekingo diote. Han egoteko gonbidapenak behar dira (doan da saioa). Hemen sartuta lor daitezke.
Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete korrikalariei, boluntarioei eta babesleei eta Lezoko Udalari lasterketari egiten dioten ekarpenagatik. Irlentz Ortega Kirol zinegotziak ere esker on hitzak izan ditu antolatzaileentzat, nabarmenduz kirol ekitaldia udalaren “babes osoa” duela.
Probaren xehetasunak
10:00etan hasiko da hilaren 20ko mendi lasterketa. Dortsalak 08:30etik aurrera jaso ahalko dira Gurutze Santuaren plazan. COVID-19ari eusteko neurriengatik ez da kontsignarik egongo, ez dutxa nahiz masaje zerbitzurik, ezta haurren lasterketarik ere. Sari banaketa ekitaldia ere bertan behera utzi dute. Korrikalariek irteeran, anoa postuetan gelditzean (ez dute osagai solidorik emango, eta korrikalariei aholkatu diete euren hidratazio potoak eramatea) nahiz helmugara iristean musukoa jarrita beharko dute izan. “Bi aukera genituen. Gu geu eta herria aktibatu, eta aurtengoarekin aurrera egin; edo lasterketa bertan behera utzi. Aurtengoa edizio berezia da, eta jendea aktibatzea lortu dugu behintzat”, azaldu du Ibon Intxaurrandieta antolaketa taldeko kideak: “Lasterkariei dortsal bat jartzea izan da aurtengo helburu nagusia. Antolakuntzarentzat ez da erraza izan beti mimoz eta goxo egin duguna sinplifikatu behar izatea”.
Sariak lehen hiru emakumeek eta gizonek jasoko dituzte (ez dago sari banaketa ekitaldirik), baita Lezoko emakume nahiz gizon onenek ere. Jaizkibelgo suebakia azkarren egiten dutenek ere (emakume nahiz gizon) izango dute bere saria.
Irungo Harrera Sarea
Elkartasunetik ere badu Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketak. Aurtengo edizioan, korrikalari bakoitzeko euro bat emango dio antolakuntzak Irungo Harrera Sareari (IHS), Irunen migranteen laguntzarekin lanean duin jarrai dezaten. Gaurko aurkezpenean Jon Aranguren izan da, IHSko kidea hura. Lezoarren elkartasunarekin zeharo eskertuta azaldu da, eta diru ekarpena baino, egiten duten lanari eta migranteen artatze lanari berari ikusgarritasuna ematea baikor baloratu du kideak. 2018tik dabiltza lanean IHSkoak bidean diren pertsonei laguntza ematen, eta egiten duten lanaren berri emateko bi datu eman ditu: iaz, 5.000 lagun artatu zituzten; aurtengo urtarrilean, jada 500 pertsonak jaso dute harrera duina.
“Dugun oztoporik nagusiena da Frantziako Estatuak azal beltzekoentzat mugak itxi dituela, ez zurientzat. Kontrol arrazistak dira. Migranteei euren bidea jarrai dezaten baliabideak ematen dizkiegu, tartean bide seguruen berri ematen diegularik. Baina mugaren itxieragatik, desesperazioa nagusitu da migrante askorengan. Horren seinale da iaz izandako hildakoak, zazpi orotara”.
Joxemi Badiola
Urtero bezala Lezoko kirolarekin harremana duen pertsona bat omenduko dute lasterketan. Joxemi Badiola hautatu dute aurtengorako: Allerru Txirrindularitza Taldearen sortzailea 1993an, herriko kirolaren eta txirrindularitzaren aldeko ekarpena eskertu nahi dio Lezo-Jaizkibelek Badiolari. Izan ere, harekin 300 txirrindularik ikasi dute kirol horren zirrikituak zeintzuk diren, tartean kirol horretan bide sakona egin dutenak: Ane Santesteban, Aritz Bagues, Ekain Jimenez, edo Antton Ibarguren.
Badiolak aitortu du jada Allerru Txirrindularitza Taldea ez dela existitzen. Hark jarduna utzi behar izan du, eta ez da erreleborik egon. “Mila esker omentzeagatik. Inportantea da horrelakoak egitea. Baina Allerru jada ez dago. Bidaia asko, lan asko dago horrelako talde baten atzean. Utzi dut, eta ez da ordezkorik izan. Azken sasoian 12 emakume zeuden taldean, eta pena da”, adierazi du Badiolak. Omenaldia, lasterketa hasi aurretik egingo diotela zehaztu dute antolatzaileek.