Pasaiako 'Korrika kulturala' ostegunean abiatuko da
Hilaren 17an 'Amari' dokumentala emango dute Txirrita AEKn, eta martxoan Onintza Enbeitak 'Izurritea' liburua aurkeztuko du Antxon.
Pasaiako Korrika kulturala datorren asteko ostegunean abiatuko da. Egun horretan, arratsaldeko 19:00etan, Amari dokumentala emango dute Antxoko Txirrita AEKn. Iosu del Moral euskaltegiko ikasle ohiak zuzendu du obra. Sarrera doakoa den arren, bertaratu nahi duenak euskaltegira idatzi edo deitu beharko du aldez aurretik (943 52 55 45).
Euskarazko kultura saiakeraren bigarren atala martxoaren 3an (osteguna) etorriko da Antxora: Onintza Enbeitak Izurritea liburua aurkeztuko du barrutiko kultur etxean, 19:30ean.