"Errepresioak operatzen du beldurra dagoelako"
'Faith' eta 'Tipularen sehaska-kanta' dira Garroren lan berrienak, eleberria lehena eta dokumentala bigarrena.
Faith da Garroren eleberri berriena (Elkar, 2021). Ez da liburuari buruz bakarrik hitz egitera etorri: Tipularen sehaska-kanta filma estreinatu du. Gatazka politikoak zeharkatzen dituzte biek ala biek.
Liburuan Xabi Ugarte alter egoa da protagonista, berriro. Errenteria-Oreretatik alde egiten duen gazte bat da protagonista, errepresiotik ihes. Dokumentalak, berriz, kartzela eta gaixotasuna ditu hizpide.
Faith liburuaren abiapuntua ihesbide bat da, labirinto batera ihesa. Zure adinkide batek esana da, euskal gatazkaren kontakizunean oso ezkutuan geratu dela gazteek jasan zuten jazarpena. Ekarpena egin nahi al zenion kontakizunari?
Nahita egin dut. Funtsezko auzia da, politikaren joko-taulan oso inportantea izan den osagaia. Herri politikaren motorra bada gazteria, eta Euskal Herrian oso dinamikoa izan da azkeneko 50 urteetan. Botere instituzionalak detektatu zuen hori, eta gazteak izugarri zigortu gintuen. Zigortzeko erabili zuten mekanismoa izan zen terrore poliziala.
Terrore polizialak esan nahi du poliziaren indarra erabiltzea, justiziarenarekin batera, gazteak brotxazo izugarriekin jazartzeko. Delituaren aitzakiarekin zaku handi bat sortu zuten, eta gazteak, bata bestearen atzetik, zakuan sartu zituzten. Liburuak kontatzen duen gauza garrantzitsuenetako bat da ongi pentsatutako hura.
Gazteak zenbaki soilak zirela azaltzen du Xabi Ugarte protagonistak.
Indarkeriaren ezaugarrietako bat da hori, erasotzen duten kolektiboko kideek ez dutela aurpegirik, patronalak langileak kaleratzen dituenean bezala. Estatistikak dira. Liburu honen zeregin nagusietako bat da estatistika horri aurpegia jartzea.
Literatura baliabide ona da horretarako. Historiaren trazu lodiaren azpian dagoen jendeari aurpegia jartzen dio, eta nire helburua da ulertaraztea egunkarietako titularrek zein estatistikek zein inpaktu izan dezaketen jendearen bizitzan. Historiaz hitz egitean, oztopo handiena hori dela uste dut: konturatzea noraino sufritu duten pertsona horiek.
«Idazten dudanean irakurlearekin dialektika bat zabaltzen dut»
Liburu guztian zehar, Ugarteri beldurra nabaritzen zaio: poliziak noiz atxilotuko duten, ETAn dauden anai-arrebak ea bizirik ikusiko ote dituen berriro, txikia zenean GAL gertutik ezagutu izana… Umorea ere ageri da. Ikara hori disimulatzeko al da?
Beldurra eta umorea kontzeptu bateragarriak dira. Beldurra da errepresio egoera batean erabiltzen dutena, errepresioa bera baino gehiago: ‘Zer gertatuko zait? Min egingo al didate? Torturatuko al naute? Kartzelan sartu eta ez dakit noiz aterako naizen’.
Errepresio egoera batean bizi den jendeak badaki estatuaren boterea eta inpunitatea handia, eta bere indarra oso txikia dela. Beldurra ezinbesteko osagaia da; errepresioak operatzen du beldurra dagoelako.
Umorea da horren kontrako antidotoa, bai bizitza errealean hor sartuta zaudenean, bai liburu bat idazten ari zarenean, fikzioan oso ongi funtzionatzen baitute bi osagaiek. Idazle bezala, amerikarren eskolakoa naiz, AEBtako literatura izugarri gustatzen baitzait. Bizitzaren lazgarritasuna fribolitate ukitu batzuekin tartekatzea gustuko dut.
Horrez gain, ikusi behar da idazleak zenbateraino duen kontuan irakurlea: gutxi, pixka bat edo guztiz. Iruditzen zait idazle askok irakurlea kontuan dutela modu erlatibo batean. Nor da irakurlea? Literatura kritiko sibarita hori edo jendea orokorrean? Publikoa interesatzen zait, ez literaturaren Parnasora atea irekiko didan kritikoa; idazten dudanean jendearekin dialektika bat zabaltzen dut.
Liburuan mise en abyme teknika erabili duzu, kontaketaren barruan beste bat sartzea, matrioska baten antzera, oraina eta iragana tartekatuz. Hala ere, dena arnasaldi batean idatzita dagoela dirudi. Erabil dezagun klixe bat: idazle moduan, heldutasunera iritsi al zara?
Ez da liburu bereziki konplikatua izan. Gerra txikia zailagoa izan zen, ahotsa haur batena zelako, eta haren tokian jarri behar zarelako. Derrigor sinplifikatu behar duzu, eta irakurleari plazer estetikoa sentiarazteko zure kolore paleta oso mugatua da, ezin duzu hegaldi handirik egin. Liburu hartan irakurleari eskaintzen nion bazka lortzea oso konplikatua zen.
Orain askoz errazagoa izan da: 25 urteko tipo batek, intelektuala-edo denak, edozer esan dezake. Agian baten batek aurkituko du tranparen bat, baina ezinbestean gertatzen den gauza bat da. Pertsonaien sinesgarritasuna funtsezkoa da irakurlea liburutik atera ez dadin. Beharbada honek hobea dirudi, baina aurrekoa baino errazagoa da. Hala ere, 46 urte ditut eta liburutik liburura ikasten ari naizela esan daiteke, baina ez nago oso seguru. Zein da La Polla Recordsen diskorik onena?
Liburua lodia da, baina nahiko sinplifikatua dago. Kontakizuna lau urtekoa da; gertatzen dena lau hilabetetan pasatzen da, baina etengabe doa 1997ra. Garai hartan gauza asko gertatu ziren, baina gertakari politikoei buruzko aipamen gutxi dago, helduezina baita dena.
«Pertsonaien sinesgarritasuna funtsezkoa da, irakurlea liburutik ez ateratzeko»
Gazteekiko jazarpena jorratzen duzu, baina ‘gerraren erretagoardia’-rena ere bai. Epikotasunik gabekoa da, eta beti agertzen dira amak, beti amak.
Nire liburuetan gai klasikoa da amarena; lauretan dago presente. Idazten hasi nintzenetik joera izan dut ama omentzekoa, beti ikusten bainuen sufritzen. Beti nahi izan dut literaturaren bidez sufrimendu hori nolabait konpentsatu, baita amari —eta ama guztiei— aitortza egin ere.
Erretagoardiaren gaia interesekoa zait. Gatazka politikoez hitz egiten denean, agente protagonistei buruz hitz egiten da. Horiei buruz bakarrik hitz egiten bada, ez da ulertzen zer den gerra bat, ez bada jartzen azentua erretagoardian, eta zain eta sufritzen ari den jendearengan. Gure herriaren Historia ulertzeko ezinbestekoa da etxean geratu zirenen bizitza kontatzea.
Hasierara bueltatuta, Xabi Ugartek kartzela sufritzen du modu injustu batean. Ez zen bakarra izango…
Milan Kunderak zioen Historia liburuek gertakariak jasotzen zituztela, eta literaturak adibidea. Xabi Ugarteren adibidea jartzen dut, baina asko daude.
Indar korrelazioak aldatzen saiatzen ziren kartzela erabilita, jendea kaiola batean sartzen literalki, molesta ez zezaten. Euskaldunok tradizio handia dugu kartzelarekin, eta kasik genero literario bat da. Kuriosoa da, sentsazioa baitut beti ez dagoela ongi kontatua. Ahalegina egin nuen horri buruz hitz egiteko, baina gero nik pentsatutakoa baino gutxiago ateratzen da. Ez da hain erraza. Torturarekin berdin gertatzen da.
Badaude fenomenoak oso maiztuta daudenak, eta oso adjektibo gastatuak erabiltzen dira: esaten duzu ziega, isolamendu edo funtzionario, eta pegada gutxiko hitzak dira, ohituta gaudelako. Oso zaila da pegada handia lortzea.
Zer da kartzela zuretzako?
Iruzur bat da, gizarte modernoek duten handienetako bat. Kartzelaren araudiaren lehen atala da kartzela ekidinezineko gaitza dela (La cárcel es un mal necesario, gazteleraz hobeto ulertzen da). Suposatzen da bake soziala erreminta dela, baina kontrako helburuekin erabiltzen da: jendearen kontra eta boterearen alde.
Inpunitatearen erresuma da, nekez ikusten da kartzela bat kanpotik. Barrutik ikustean antzematen duzu zein sistema ankerra den.
Liburua, baina, ez da dena politikoa, badaude amodioa edo zinemagintza. Bigarren hori da Ugarteren ihesbidea.
Pertsonok badauzkagu politikaz aparteko kontuak. Bake soziala dagoenean, kontu politikoak ez dira hain garrantzitsuak, bestelakoak baizik. Bizitza paradisiako bat dirudi horrek. Bizitza hori amesten nuen, eta kartzelatik pasatako beste gazte guztiek ere bai. Politikarik gabeko bizitza bat, non jorra zitezkeen zinema edo eskubaloia.
Gero gerra hasten da, eta politika hasten da norberaren bizitza zeharkatzen, eta guztia politiko bihurtzen da. Horregatik, argazkilaritza, zinemagintza eta kulturaren kontuak txertatzea garrantzitsua zen, erakusten baitu zer zegoen protagonistaren bizitzan. Euskal gazteria konprometituaren karikaturizazio bat egon da: erradikal, txolin, burugabe, basa… Karikaturizazio horren kontra egin nahi nuen.
Aipatzen den beste gaia da maitasuna. Gauza bera gertatzen da: maitatu eta maitatuak izan nahi dugu. Errepresio kontestu batean toki gutxi dago amodiorako. Erreprimitua denak maitatzeko baldintza estuak dauzka.
Kartzela aipatuta, dokumental bat estreinatu berri duzu: gaixotasuna kartzelan nola bizi den islatzen duen Tipularen sehaska-kanta. Aipatzen baduzu espetxeak suntsitzen zaituela, gaixotasunak pairatzeak abismoan hondoratu egin behar zaitu.
Filmean erabiltzen den elementu sinboliko bat itsasoa da. Ez da kasualitatea, kartzela da abismo batean erortzea bezala, eta gaixo baldin bazaude, belztasunez inguratuta eta gero eta oxigeno gutxiagorekin egotea da, ur azalera bueltatzeko itxaropen gutxirekin.
Kartzelako terminoek pegada gutxi dutela esan duzu. Nola landu duzu erakargarri bilakatzeko?
Hari muturrak hartu ditut. Sarek enkargua egin zidanean aurkitu nuen zailtasunik handiena izan zen gai oso eskematiko eta ezagunak direla. Jendea zigortzeko erabiltzen dira kartzelak, muga guztiak gaindituz askotan. Hori uste dut denok dakigula.
Beste hari muturra izan da Miguel Hernandezen Nana de la cebolla. Poema horrek balio dio filmari ardatz bezala eta, era berean, arnasgune moduan. Ematen dizkizu baliabideak hitz egiteko oso gai ahitu bati buruz, baina hizkuntza ez ahitu batean. Hiru urte eman ditut dokumentala egiten, eta edonork esan dezake ea zertan aritu naizen. Kameraren aurrean zer jarri topatzea oso zaila izan zait. Beste elementu batzuk ditu filmak; erakusten dena ez da hain ezaguna.
«Erreprimitua denak maitatzeko baldintza estuak dauzka»
Gaixotasuna sufritu duen jendea agertzen da, baita ere senideak, abokatuak eta medikuak. Kartzelan gaixotzean zure inguruan bitartekari pila bat agertzen zaizkizu. Horrela sendatze-prosezu guztia luzatzen joaten da, presoaren bizitza jasangaitza bilakatzeraino. Bitartekariak ugaltze hori da kalean edo espetxean gaixo egotearen diferentzia handiena.
Dokumentalean agertzen da bitartekari horien guztien papera zein den. Gauza konplexu eta perbertsoa da: ez zaudela nahiko gaixo esaten dizute, edo kartzelan baduzula asistentzia nahikoa, ez duzula arrisku nahikorik… Presoaren bizitza merkatuan jartzen da, kuia bat balitz bezala.
Estreinatu baino lehen, betoak jaso ditu filmak.
Euskal Herrian zinema politikoa egitea oso zaila da. Ez dago aniztasunik: alderdi politiko batek 40 urte darama agintean. Aniztasun itxura daukan edozer irudikeria bat da. Eta balego, anekdotikoa, txikia edota kontrolatua da. Diskurtso hegemonikotik ateratzen zarenean, parean duzun bidea malkartsua da, eta, askotan, irtenbiderik ez daukana.
Intsumisioari buruzko dokumentalarekin zein honekin pairatu dut aniztasun falta hori, eta ez da nahikoa ozen esaten. Eta ez bada ozen esaten, da aniztasun hori falta delako. Euskal Herrian adierazpen askatasunik ez dagoela adierazteko beldur handia dago, eta horrek preseski islatzen du adierazpen askatasun eza hori.
Horretan ari garenok ez gara nahikoa irmoak, ezta posizio politikoa ere. Hori kezkagarria da. Botereak galaraztea espero daitekeen zerbait da, baina boterekeriak daudenean, ez dago posizio politiko irmo eta erne bat hor parean. Egoera oso larria bilakatzen da horrela.