Oiartzuar guztiak aintzat hartuko dituzten ihoteak
Intxixuak, basandreak eta sorginak herritik ibiliko dira hurrengo asteburuan, baina jende pilaketak sortzen ez dituzten ekitaldietan. «Goxatzeko» aukera izango da, dagoenari helduta.
Pandemiak sortutako egoerak eta haren arabera ebatzitako arauek tarte gutxi uzten diote festari. Hala ere, ihoteak ospatzeko zirrikitua aurkitu dute. Hurrengo asteburuan izango dira —hilaren 18tik 20ra—, baina ezohiko moduan.
«Urria-azaroa aldean elkartzen hasi ginen, eta orduan aurreikusten zen ihoteak ohiko moduan ospatuko genituela, egoerak hobera egingo zuela zirudielako», gogorarazi du Ane Badiola ihoteen antolakuntzako kideak.
Abendu bukaeran Labik emango zuen erabakiaren zain geratu ziren, eta hainbat plan diseinatu zituztela nabarmendu du. Duela bi aste ekin zioten behin betikoa lantzeari.
Kanpoko ekitaldietan murrizketak kendu ez zituztela eta, jende pilaketak saihestea izan zen hartu zuten erabakietako bat. Oiartzuarrak festarekin «goxatzea» nahi zuten, herritarrek «festaren beharra» dutela iritzita. Hori bai, jende pilaketak saihestearekin oraindik beldur den jendea errespetatu nahi izan dute.
Kuestazioak
Larunbat goizean ohiko kuestazioak egingo dituzte, auzoetan. Jarduera zortzi taldetan sakabanatuta eta kalean izateak arriskuak murrizten ditu. Ondoren, ohiturari jarraituz, bazkaria egingo dute, bakoitzak bere auzoan —batzuetan ez dute egingo—, eta elkarteen arauen eta baldintzen arabera.
Arratsaldeko topaketa eta dantzaldia bertan behera geratuko dira, baita intxixu, sorgin eta basandereen etorrera eta agurra ere. Ez da surik egongo, baina ihoteetako pertsonaiak herrian zehar ibiliko dira, Badiolak iragarri duenez: «Plazan fokalizatu beharrean, herriko txokoetan ibiliko dira. Jendeari aukera eman nahi zaio, baina modu zabalago batean eta tantaz tanta, hitzordurik jarri gabe».
Aukerak baliatu behar direla nabarmendu du antolaketa taldekoak, eta egingo denean jarri beharko dela fokua, ez egingo ez denean. «Iaz baino gehiago egiteko aukera izango dugu, eta orduan baino gehiago gozatzeko aukera ere bai. Jende askok pena du ez direlako ohiko ekitaldiak egingo, baina gutxienez badaukagu aukera intxixu, basandre eta sorginekin egoteko».
Normaltasunera heltzeko gogoa dutela aitortu du, eta 2023koak aurtengoak baino hobeagoak izango direla uste du, «ziur».