Musika Bandaren Inauterietako kontzertua, larunbatean
Aitor Mitxelena Rubio zuzendariaren gidaritzapean, Errenteriako Musika Bandakoek 'Inauterietako Atarian' kontzertua eskainiko dute larunbatean Koldo Mitxelenako jolastoki estalian, 12:30ean.
EMKE-ko kontzertua Koldo Mitxelena ikastetxean. Errenteriako Musika Banda jai giroan murgilduko da ‘Inauterietako Atarian’ kontzertuarekin. Emanaldia larunbat honetan izango da, hilak 19, Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastoki estalian, 12:30ean.
Aitor Mitxelena Rubio zuzendari artistikoaren eskutik, kontzertuak jai giroan murgildutako obrak tartekatuko ditu. Entzungai egongo diren lanen artean, Joakin Ortega Villar ‘Canario’ konpositore hernaniararen ‘Orbagur’ eta ‘De Canarias a Valtierra’; Gaztelumendiren ‘Donosti Zarra’; Rolssiniren ‘Il Barbiere di Siviglia’ eta Chuecaren ‘El Bateo’ obrez gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek. Kontzertuaren bukaeran, ‘Praxkuarena’ eta ‘Galtzaundi’ obrak entzun ahal izango dira, Inauteriekin lotuta daudenak.
Inauterietako ikuskizunez gain, Errenteria Musika Kultur Elkarteko (EMKE) kideek datozen hilabeteetan egingo diren kontzertu batzuen berri eman dute. Martxoan izango da horietako lehena, eta EMKE-k Oscar Abella musikari gaztea ekarriko du herrira. Abella Euskadiko Orkestra Sinfonikoko bakarlaria eta Euskadi Brass-eko kide sortzailea da.
Horrez gain, ekainean egingo duten beste kontzertu bat nabarmendu nahi izan dute: ‘Carmina Burana’. Donostiako Orfeoiaren 125. urteurrenaren ospakizunean, orfeoiko kideak Errenteriako Musika Bandakoekin batera ariko dira Lekuona Fabrikan.
