San Pedroko BOEen zozketa hilaren 23an egingo dute
San Pedroko Velasco eremuko 39 babes ofizialeko etxebizitzen zozketa hileko azken asteazkenean egingo dute, Juanba Berasategin.
Lursailean 71 etxebizitza eraikiko dira, horien artean 39 babes ofizialekoak. Loreto Osa Pasaiako Udaleko Hirigintza zinegotziak aditzera eman du San Pedroko Velasco eremuan eraikiko diren babes ofizialeko 39 etxebizitzen zozketa hilaren 23an (asteazkena) egingo dutela, 17:00etan, Donibaneko Juanba Berasategi auditorioan. Notario aurrean gauzatuko da prozedura.
Zozketarako onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratu da gaur bertan, bai barruti bakoitzeko iragarki-oholetan, bai udalaren webgunean nahiz Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ere. Horrek esan nahi du alegazio guztiak aurkezteko eta horiei erantzuteko epea iraungi dela, eta zozketa egin daitekeela.
