Trintxerpeko kaldereroen desfilerako entsegua egingo dute
Trintxerpeko inauterien lehen egunean egingo dute Hungariako kaldereroek desfilea. Bi egun lehenagorako deitu dute prestaketa saioa.
Inauterien hasiera iragartzeko asmoz, Hungariako kaldereroek Trintxerpeko kaleak ere hartuko dituzte mozorro ospakizunaren lehen egunean (martxoaren 4ean, hain zuzen ere). Festa Illunbek antolatu du, Trintxerpeko Jai Batzordearekin eta Pasaia Musikalekin elkarlanean.
Ekitaldia prestatzeko entsegua ospakizuna baino bi egun lehenagorako deitu dute, martxoaren 2rako (asteazkena), alegia. Desfilean parte hartu nahi dutenak Trintxerpeko alkateordetzako areto nagusian elkartuko dira, 20:00etatik 21:00etara. Antolatzaileek ohartarazi dute nork bere zartagin eta mailua eraman beharko duela bertara.
Entsegua eginda, konpartsaren irteera hurrengo ostiraleko 19:00etan izango da, Serafin Esnaola plazatik abiatuta. Jaia ospatzeko ekitaldian indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak bermatuko direla jakinarazi dute antolakuntzaren arduradun diren hiru elkarteek.