[Elkarrizketa] "Gure helburua ez da soilik lasterketa bat egitea"
Lezo-Jaizkibelen antolatzailea gustura dago lezoarren nahiz emakumeen parte hartzea oso nabarmen hazi egin delako 2014ko lehen ediziotik. Zalantzak izan arren, lasterketarekin aurrera egitea erabaki dute.
Etzi eguraldi ona egingo duela adierazi du Ibon Intxaurrandietak (Lezo, 1973). Ez dabil oker. Lezo-Jaizkibelen sukaldeko suak hasieratik ari da hauspotzen, 2014ko lehen ediziotik da antolatzaile. Beraz, badaki eguraldi onarekin korrikalariak Jaizkibeldik behera Lezoko plazarantz arin doazela, eta lesioak egon daitezkeela. «Ziur nago hori gerta daitekeela. Baina horretarako gaude, behar denari laguntzeko». Etzi da lasterketa, eta horren gaineko hainbat xehetasun eman ditu elkarrizketan.
Birusagatik nahi bezala ez, baina aurten Lezo-Jaizkibelekin aurrera egin duzue.
Egoera honek guri ere zalantzak sortu zizkigun. Izan ere, duela lau hilabete hasi ginen lasterketaren prestaketa lanekin, eta orduan ginen egoeran erabaki genuen aurrera egitea. Gero zer iritsiko zain gelditu ginen, eta azkenean, egin ahal izan dugu. Gure helburua ez da soilik lasterketa bat egitea, jendeari dortsal bat jarri eta aurrera egitea. Herriari begira beste helburu batzuk ditugu: jendea aktibatu, auzolana bultzatu, eta dena ahalik eta gehienen artean egin. Helburuetako bat beteko dugu, lasterketa egitea. Baina pixka bat hankamotz geldituko da aurtengoa. Adibidez, plazan egoten zen giroa aurten ez da errepikatuko.
Parte hartzaile lezoarren kopurua askoz altuagoa da 2014ko lehen ekitaldiarekin alderatuta, eta emakumeena bikoiztu baino gehiago egin da. Zergatik?
Gure hasierako helburuak ildo horietatik zihoazen, eta lasterketaren ibilbidea ere zentzu horretan prestatu genuen. Hasi ginenean lezoar gutxi ibiltzen zen mendian korrika, eta gure xedeetakoa izan da herritarrak kirol honetan hastea, eta aldi berean Jaizkibel ingurumen begirunez ezagutzea, ondoan dugun altxorra delako. Emakumeen presentzia mendiko lasterketetan ere ez zen handia hasi ginenean. Ibilbidea egitea ez da oso zaila, egokia da denentzat. Pozarren gaude lezoar nahiz emakume askoz gehiago daudelako partaideen artean.
350 partaideko muga duzue. Baina urtero-urtero berehala agortzen dira dortsalak. Kupoa handitzea pentsatu duzue?
Ez. Ez dugu egingo. Lehenengo urtean bai iritsi ginela 400 bat partaidera. Baina segituan konturatu ginen lasterkariak herritik atera eta mendian sartzerakoan pilaketak sortzen zirela hainbat eremu estutan. Kirolariak zaindu nahi ditugu. Beraz, kopuru hori mantenduko dugu lasterkariek behar adina goza dezaten.
Lezok asko ematen dio lasterketari. 150 boluntario, babesleak, udalaren laguntza… Baina zuek ere herriari ematen diozue. Adibidez, urtero kirolarekin harremana duen herritar bati aitortza egiten diozue. Aurten, Joxemi Badiolari. Zergatik?
Allerru Txirrindularitza Taldearen sortzailea izan zen 1993an. Herrian gauza askotan dago jendea lanean isil-isilean. Guri kirol arloari erreparatzea dagokigu, eta herrian kirolaren alde lanean egin dituen urte piloagatik Badiolak aitortza merezi zuela uste dugu. Neska-mutilekin entrenamenduak, bidaiak, kudeaketa lanak… Kirolean ibili den jendeak jakin dezake zer den ezkutuko lan hori, baina besteek agian ez. Aitortza merezi dute Badiola bezalakoek, eta detaile bat egin nahi diogu, eskertu herriaren alde egin duen lana.
