Inauterietako egitaraua aurkeztu dute
Gaurtik hasita eta martxoaren 1eko sardinaren ehorzketa bitarte, ekintza eta jarduera ugari antolatu dira herrian Inauteriez disfrutatzeko.
Inauterietako kartela. Inauteriak gainean dira, eta dagoeneko iragarri da aurtengo egutegia. Udaletik proposatutako gaia Kirola eta Joko Olinpikoak dira, eta Inauteri Batzordeak dei egin die herritar, denda, taberna eta bestelakoei gai nagusiaren inguruan mozorrotu eta lekuak apaintzera. Gaurtik hasita, eta datorren martxoaren 1eko sardinaren ehorzketa bitarte, ekintza eta jarduera ugari antolatu dira herrian Inauteriak disfrutatu ahal izateko. Gaur arratsaldean, 15:15ean hasita, Gamon ikastetxeko kaldereroen desfilea egingo da Sorgintxulo kalean zehar.
Astebururako ere bi kontzertu iragarri dituzte. Errenteria Musika Kultur Elkartekoek ‘Neguak negu’ Inauteri atariko kontzertua eskainiko dute bihar Koldo Mitxelena eskolako jolastoki estalian, 12:30ean. Igandean, berriz, Herri Arte Eskolako txistu, perkusio eta dantza ikasleek Inauteri giroko kontzertua egingo dute Koldo Mitxelena eskolako jolastoki estalian, 12:30ean.
Datorren astetik aurrera jarduera gehiagoz gozatu ahal izango dute herritarrek. Inauterien inguruko egutegi osoa Herri Biziako webgunean jaso daiteke. Norbaitek nahi izango balu, egutegia ere papereko bertsioan eskuratu daiteke Lekuona Fabrikan.
Konpartsen aurkezpena
Datorren ostegunean, hilak 24, konpartsen aurkezpena egingo da Lekuona fabrikan, 20:30ean. Intxaur-Txiki, Show Time, Boveda, Furius, Odissey, Cocó Dance, Eureka, Titanes, Txassis eta Lezoko Eztandak konpartsak izango dira igandeko (hilak 27) desfilean aterako direnak. Aurkezpena ikusteko sarrerak agortuak daude jada, baina streaming bidez jarraitu ahal izango da aurkezpen emanaldia.
