[Elkarrizketa] “Ohorea da munduko abesbatza onenek zure musika abestea”
Antxon bizi, Trintxerpen lan egin, eta Donibanen erakutsitako sanpedrotarra da Josu Elberdin. Pasaia Musikaleko irakaslea, abesbatzen zuzendaria, organista eta konpositorea da.
Atzerrian antolatutako ekitaldietan-eta sariak irabazitakoa da Elberdin. 600 lanetatik gora idatzi ditu sanpedrotarrak, tokian tokiko erakundeentzat zein Euskal Herritik kanpokoentzat. Baina hark argi du sustraiak Pasaian dituela.
Zure ikasketa musikalak Pasaia Musikalen egin zenituen. Zerk bultzatu zintuen horretara? Nola gogoratzen duzu zure ikasketa prozesua?
Hamalau urtekin hasi nintzen musika ikasten. Egun batean, nire lagun baten teklatu txiki bat erori zen nire eskuetan eta jolasten hasi nintzen. Belarriz jotzen nituen telebistan entzuten nituen iragarkiak eta kantuak. Gurasoek Pasaia Musikalera apuntatu ninduten, eta urte berean, parrokian jotzen hasi nintzen. Kantatzera animatu ninduten, baina hasieran nire ahotsa gorroto nuen. Bat-batean, talde lana oso inportantea den mundu batera iritsi nintzen.
Hainbat arlotan mugitu zara, baina guztiek harreman estua dute. Horien artean, Pasaia Musikaleko irakaslea izatea dago.
Kristoren harrotasuna ematen dit Pasaia Musikaleko irakaslea izateak. Izan ere etxea balitz bezala sentitzen dut Pasaia Musikal. Euskal Herriko bigarren musika eskola handiena da, ia 1.000 ikasle ditugu. Nire curriculumaren hasieran beti jartzen dut Pasaia Musikaleko irakaslea naizela. Aurten, gainera, 50. urteurrena prestatzen ari gara, eta ospakizunen edukien taldean nago.
Abesbatzen zuzendaria zara ere bai. Nola kudeatzen da lana hain talde handietan? Ez da erraza izango…
Oso talde anitzak dira, eta batzuetan lotura bakarra dute: musika. Ez da erraza, baina argi eduki behar dugu hasieratik pertsonekin landu behar dela dena. Bakarrik musikariak ikusten badituzu, %95a aparte uzten duzu. Ohartu behar zara nola dauden, ikusi behar duzu nola etortzen diren saiora, zer nahi duten… Ez soilik musikaren ikuspuntutik. Asko etxetik ateratzen dira soilik abesbatzara joateko, jendearekin egoteko asmoz.
Jende helduarekin lan egiteaz aparte, gazte abesbatzekin ere aritutakoa zara. Zaila al da gazte abesbatza baten gidaria izatea?
Oso polita da gazteekin lan egitea. Ez da zailagoa helduekin alderatzen baduzu, baina aitortu behar da garai hauetan oso zaila jarri diegula bizitza: musukoa eraman behar dute, ezin dira atera, ezin dituzte gauza asko egin… Ilusio pixka bat galdu dute gauza pila batengatik. Baina musikaren bitartez, ekintzak ondo antolatzen badituzu, posible duzu gazteak erakartzea.
Abesbatzetako zuzendari gisa askotariko esperientziak bizi izan dituzu ziurrenik. Zein da horien artetik gehien gogoratzen duzuna?
Denetarik bizi izan dut. Mundu osoan ibili naiz: Hego Amerikan, Asian, Europan… Esperientzia guztiak dira politak eta bereziak. Aukera ematen didatenean bertara bueltatzen naiz. Oroimen bat? Gogora datorkit orain dela gutxi Indonesiara joan nintzela, eta bertako umeek euskaraz kantatu zutela. Beste batean, Kolonbian, mutuen abesbatza bat ikusteko aukera izan nuen. Eskularruak jantzita zituzten, eta bere kantatzeko forma eskuak erabiltzearena zen.
Organista lanak ere egin dituzu. Egun, Trintxerpeko parrokiko organista zara. Zaila al da organistak topatzea 2022an?
Bai. Guk, esaterako, momentu honetan, organoko bost ikasle ditugu. Hala ere, uste dut gaur egun arlo askotan gertatzen ari den zerbait dela. Gaur egun topatzen dugu geroz eta gutxiago garela, baina gure apaiz Javierrek esaten duen bezala, hasieran komunitateak oso txikiak ziren. Musikak laguntzeko aukera ematen duen bitartean, hor arituko gara. Baina egia da zaila dagoela organistak topatzea.
Hala ere, zure alderdi ezagunena konpositorearena dela esan daiteke. Nola sortu zen konposaketarako grina?
Oso espontaneoa izan zen. Kontserbatorioan gazte abesbatza bat gidatzen hasi zen Gorka Miranda, nire laguna da. Nik aspaldi pianoa jotzen nuenez, taldera batu nintzen. Egun batean, moldaketa bat egiteko eskatu zidaten. Oskorriren kantu baten moldaketa zen. Eta funtzionatu zuen. Garai horretan, gainera, niretzat oso pertsona inportantea izan den Javi Busto konpositorearekin hasi ginen kantatzen. Behin, ariketa bat erakutsi nion. Berak zerbait ikusi zuen orduan, eta hasieratik animatu ninduen horretan jarraitzera. 1999an konposaketa lehiaketa batera aurkeztu nintzen, pentsatuz ez nuela ezer lortuko, eta azkenean lehenengo saria eskuratu nuen. Ez nuen neure burua konpositore bezala ikusten, baina pausoak ematen hasten zara poliki-poliki, eta gauzak bata bestearen atzetik etortzen dira.
Esan daiteke momentu horretan hasi zinela beste talde edo pertsonekin kolaborazioak egiten, ezta?
Bai. Aipatutako lehiaketaren ondoren, urte berberean, Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketan nire lan bat derrigorrezko pieza bezala hautatu zuten. Hortik aurrera eskaera pila bat jaso nituen. Beste toki batetik deitu ninduten tailer bat emateko. Hori gutxi izango balitz, abesbatzetatik beste esparru batera salto egin nuen: Kepa Junkera ezagutzen duzu, eta zerbait egiteko eskatzen dizu. Bide berean, Garikoitz Mendizabal txistularia ezagutzen duzu, eta azken hamar urtean Bilboko txistularien Gabonetako kontzertu guztiak zuk prestatzen dituzu. Donostiako Hamabostalditik beste zerbait etortzen da. Euskal Herrian hasten zara editatzen, baina gero Bartzelonatik, Argentinatik edo Estatu Batuetatik deitzen dizute…
Hainbat ekitaldi eta txapelketatan entzun izan ditugu zure konposaketak eta moldaketak. Zer sentitzen duzu zure lanak entzuterakoan?
Emozioa. Pentsatu behar duzu zure burutik pasatzen den ideia bat paper batera eramaten duzula, eta hortik aurrera lanak zurea izaten jarraitzen du, baina jasotzen duenaren parte ere bihurtzen da. Behin, adibidez, Indonesiatik kantu bat prestatzeko eskatu zidaten, orain dela hamar urte inguru. Bertako lo kanta baten moldaketa zen egin beharrekoa. Tira, eskatutakoa egin nuen. Hortik aurrera bitan egon naiz berriro Indonesian, eta ikusi ahal izan dut jende pila batek dakiela kantu horretarako nik egin nuen moldaketa konkretu hori. Horrelako goraipamena egitea pasada bat da euskaldun batentzat. Ohorea da munduko abesbatza onenek zure musika abestea.
Konpositorea izatea ez da lan makala. Nola azalduko zenioke konposizioaren mundua ezagutzen ez duen pertsona bati, lanak sortzeko aurrera eramaten duzun prozesua?
Gauzarik inportanteena pertsonarekin hitz egitea da. Jakin behar duzu zer nahi duen. Oso garrantzitsua da testu bat izatea. Baduzu musika idaztea, eta gero horren gainean testua idaztea. Baina nik beti uste dut kontatu nahi duzun horrek lehentasuna izan behar duela. Hitzen gainean jarri behar duzu musika, eta ez aldrebes. Testua hartu, irakurri, eta nire burua bakarrik hasten da lanean. Behin une egokia dela jakinda, denbora hartu, eta idazten hasten naiz. Aitortu behar dut momentu horretan mundutik isolatzen naizela. Izan ere, idazteko modu ezberdinak daude: batzuek pixkanaka egiten dute; beste batzuk, ordea, esplosiboagoak izaten dira. Azken hauen artean nago ni.
Nola ikusten duzu musika konposizioaren etorkizuna? Gazteek badute interesa?
Bai, badute. Aitortu behar da, gainera, Gipuzkoa erreferentzia dela abesbatzen arlotik ikusita. Munduko toki askotara joaten zara eta gipuzkoar konpositoreen musika entzuten duzu: Javi Busto, Junkal Guerrero, Eva Hualde, Xabi Sarasola, David Azurza eta ni neu, beste askoren artean. Eta hori, kontutan hartuta gure lurraldea oso txikia dela. Jende asko dago idazten. Niri, adibidez, geroz eta jende gehiagok idazten dit laguntza eske, haiek idatzitako zerbait nik berrikustea nahi dutelako. Oso pozgarria da hori ikustea.
Konposaketan aritzeak, euskal kultura mundura zabaltzeko aukera ematen duela esan daiteke?
Gure musika kulturalki oso aberatsa da. Ez dut jarraitu orain dela gutxi Benidormen gertatu dena. Baina Tanxugueiras taldeko bideoa ikusteko aukera izan dut. Ez naiz sartuko gertatu den horretan guztian, baina aitortu behar dut oso aberatsa iruditzen zaidala herriko folklorea eguneratzea, kalitate oso onarekin, eta ikuspegi berri batekin. Uste dut beraien ibilbidea oso polita izan daitekeela. Euskal Herrian egin izan ditugu tankera horretako gauzak, eta egiten jarraitu behar dugu. Guk dugun folklorea umeei eta gazteei gerturatu behar diegu, betiere berritasunak sartuta.
Orain dela gutxi, Espainiako Gobernuak COVID-19ak hildakoak omentzeko egin zuen ekitaldia ixteko zure abestietako bat erabili zuen. Nola sortu zen aukera hori?
Kantu hori orain dela hamaika urte idatzia da. Beraz, Donostiako Orfeoiak egindako enkargu baten saria da. Oso ondo funtzionatu zuen, eta horregatik orfeoiak urtero egiten duen galan erabiltzen du. Elkartasunezko kantu bat da. Mezua oso potentea da, nahiko errepikakorra, eta estatuan eta munduan asko erabili izan den kantua da. Bat-batean, deitu zidaten esanez abestia omenaldirako erabili nahi zutela. Ohorea izan zen horrelako ekitaldi batean aipatua sentitzea.