Lezoko EH Bildu: "Herriaren ura Añarberi eman nahi dio gobernu taldeak"
Jaizkibelgo urak herriak kudeatzen jarraitu behar duela uste du koalizioak, "altxor handia du Lezok, pribilegio handia",
Kritiko, oso, azaldu da EH Bildu Lezoko udal gobernuak herriko uraren kudeaketarako dituen asmoekin. Herriko uraren kudeaketaren %100 Añarberi emanda (egun Añarbek Lezoko uren %70 kudeatzen du, gainontzekoa udalaren esku dago Jaizkibelen dauden biltegiengatik) Jaizkibelgo ura herriak behin betiko galduko duela uste du koalizioak: “EAJ-PSE gobernu taldeak, herriarena den baliabide garrantzitsu hori gorde eta zaindu beharrean, Añarberi eman dio, inoiz berreskuratzeko aukerarik gabe”. Alderdiaren ustez, “Lezok gauza handia du ondare eta aberastasun moduan: Jaizkibelgo ura”.
EH Bilduk hainbat datu eman ditu. Zehaztu du egun, Añarberen saretik herriaren kaskoa elikatzen dela. Ur propioarekin, berriz, industrialdeak, Gaintxurizketa, baserriak eta landa eremua. 2021eko Lezoren ur kontsumoaren berri ere eman du koalizioak: horren %32,8a ur propioarekin ase zen —”Jaizkibelek ‘doan’ ematen diguna”—, eta gainontzekoa Añarberi erosia izan zen (%67,1).
Mikel Arruti udal eledun duen alderdiarentzat Jaizkibelgo ura “altxor handia” da Lezorentzat, “pribilegio handia”, eta zehaztu dute udalerri gutxik dituztela Lezok dituen ur baliabideak: “Askok nahi lukete Lezok duen oinarrizko den ur baliabidea. Añarbeko kide diren, eta aldi berean ur baliabide propioak dituzten herriek ez diote horiei uko egiten. EAJ-PSE udal gobernuak, aldiz, horri uko egiteko asmoa du, eta Añarberi oparitu nahi dizkie baliabide horiek inbertsio batzuen truke”.
Gauzak horrela, gobernu taldeak egikaritu nahi duen hitzarmena talde politiko guztien nahiz herritarren arteko adostasunetik landu beharko litzatekeela uste du EH Bilduk, “lezoarrei informazioa emanez eta haien iritzia kontuan hartuta nahiz gardentasun osoz. Gobernu taldeak ez du inorekin hitz egin”. Gainera, erabakia “presaka eta erdi ezkutuan” hartu nahi dela adierazi du alderdiak, hitzarmena onartzeko udalbatzarra hilaren 23ko 09:00etan izango baita, “herritarrei bertaratzeko zailtasunak jarriz”.
Datuak
EH Bilduk hainbat datu jarri ditu jendartearen eskura. Adibidez, jakinarazi du udala ur horniketako hainbat azpiegituraren jabe dela, tartean Jaizkibelen dauden ura biltegiratzeko sei depositu: Amezti (200 metro kubikokoa), Monatxo (200 metro kubo), Elortegi (200 metro kubo), Arriaundi (500 metro kubo), Martizkone (300 metro kubo) eta Iparragirre (900 metro kubo). Azken biak ez dira egun erabiltzen, eta horietako ura errekara isurtzen da: “Bi horiek egokitu eta bertako urak garai batean bezala aprobetxatuz gero, kontsumorako dezente gehiago izango luke Lezok, herri kasko eremu handi bat hornitzeko gaitasuna izanez, eta Añarberi ur gutxiago erosi beharko genioke”.
Gainera, EH Bilduk nabarmendu du 40 urte baino gehiago direla Lezok bere ur kontsumo sareari Jaizkibelgo ura gehitu ziola, “urte horietan guztietan ez da arazo aipagarririk izan. Oso kalitate oneko ur propioa du Lezok”.
Beste argibide bat eman du EH Bilduk: 1980ko hamarkadaren bukaeran lehortea izan zen Euskal Herrian, eta herri askotan ur mozketak izan ziren horren ondorioz: “Lezok ez zuen halakorik jasan behar izan, Jaizkibelgo urari esker”.