Zelaiak, larreak eta landare itsutasuna, Eskolako 2030 Agendan
Belardien lanketa izango du ardatz Eskolako 2030 Agendak. Ezagutza horietan trebatzeko, formazio saioak izan dituzte irakasleek, ondoren ikasleekin aritzeko. Hurrengo hiruhilekoan egingo dute lanketa.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2022/02/landare-itsutasuna-eskolako-agenda-2030_formakuntza-saioa.jpg)
Inguruko landareak ez ezagutzea eta ez ikustea da landare itsutasuna. Zuhaitz espezie batzuk ezezagunak badira ere, inguruko larre eta zelaietan bizi diren landare eta loreen izenak ezezagunak dira askorentzat. Ezagutza horiek bereganatzeko, Eskolako 2030 Agendan parte hartzen ari diren ikastetxeetako irakasleak trebatzen aritu dira, ondoren ikasleekin aritzeko. Helburu hori ardatz izanik, irakasle horiek formazioa saio batean izan dira EHUko Arantza Aldezabal eta Maddi Artamendirekin, izan ere, datorren hiruhilekoan lan horretan ariko dira Eskolako 2030 Agenda programan parte hartzen duten herriko ikastetxeetan, Haur Hezkuntzatik hasita Lanbide Heziketaraino.
Iaz abiatu zuten ikastetxeek Lehorreko Ekosistemetako Biziaren (Garapen Iraunkorreko 15. Helburua) gaia jorratzen eta, orain, basoen azterketak belardien lanketari bidea utzi dio. Herriko eta ikastetxeetako belardietan bizi diren landare eta animalia espezie ezberdinen ikerketa, bertako biodibertsitateaz gozatzeko aukera edo belarrak baserrietan betidanik izan duen garrantziaz jabetzea izango dira lanketaren helburuetako batzuk.