Ainara Lasa: "'Lokatza'-k Ondas saria jasotzea sorpresa izan da"
Jakinek ekoitzitako eta EITBk zabaldutako podcastak "estatuko hizkuntza koofizialen" podcast onenaren saria jaso du. Taldeko kide da Ainara Lasa oiartzuarra.
Jakin aldizkariak ekoitzita, Lokatza podcasta estreinatu zuten pasa den urteko apirilaren 29an, EITBren podcasten atarian. Pentsamendu feministan narrasean du izenburu-laguntzaile.
Lau emakume dira saio horren esatari eta arduradunak: Idurre Eskisabel, Amagoia Gurrutxaga, Lorea Agirre eta Ainara Lasa Perez oiartzuarra. Atzo albiste on bat jaso zuten: Ondas Podcast saria jasoko dute, “estatuko hizkuntza koofizialen” sailean. Aurten sortu duten kategoria izan da.
Lasak adierazi duenez, “irratiaren bidez” jaso zuten berria. Zoriontze “zaparrada” jasotzen ari dira oraingoz, jaso duten sorpresagatik. Atzera begirada eman, eta proiektua nola sortu zen azaldu du oiartzuarrak.
“Pentsamendu feministaren inguruan hainbat eragile eta lagun ari dira proiektuak sortzen Euskal Herrian, eta guk, konkretuki, ekarpena egin nahi genuen kezkatzen gaituzten hainbat auzi argitan aztertzeko. Euskaratik, eta euskaraz”, esan du.
Lau kideen arteko elkarrizketetan ateratzen ziren gaiak “destilatu eta definitu” nahi zituztela azaldu du Lasak. Zortzi atal sortu zituzten, beste hainbeste gairi buruzkoak. Guztiek dute izendatzaile komuna: ikuspuntu feminista batetik egindakoak izan dira (zerrendarako esteka, orrialdearen bukaeran).
Podcast “korala”
Lokatza-ko talde eragilea laukoa izan arren, 50 bat emakumeren ahotsak pasatu dira bertatik. “Atal horiek aitzakia izatea nahi genuen, gai horietan ekarpen interesgarriak egin ditzaketen emakumeak plazara eramateko”, zehaztu du. “Ez genuen gauza bat egin nahi gu lauen artekoa, lehenengo pertsonan dauden ahotsak nahi genituen. Bizipenak eta
eskarmentua izan dituenari tokia eman nahi genien, eta aitortza egin”. Modu horretan, mahai gainean gogoetarako gaiak utzi nahi zituzten.
Hainbat modutan eraman dituzte emakumeen ahotsak: sinaduren bitartez; elkarrizketak eginez; Maider eta Leire trikitilariek aukeratutako soinu bandarekin; Mursegok Lourdes Iriondoren Hala ere bertsioarekin, “lokatzarekin ongi lotzen delako”…
Ariketa estetikoa
Izena ez zen kantagatik bakarrik hautatutakoa izan. Hautatutako gai horiekin “lokaztu” nahi zuten, baina, aldi berean, ariketa “estetiko eta zaindua” egin nahi zuten.
Ez da ahotsek osatutako podcast monotonoa izan. “Saiatu gara mimo handiarekin egiten ariketa hau, autore irrati horretatik hurbil egon daitekeena”, adierazi du Lasak. “Emakumeen ekarpenez gain, sartu ditugu hotsak, sartu ditugu kantuak, zaratak… Saiatu gara pieza bakoitzarekin horrelako giro bat sortzen. Estetikoki zerbait plastikoagoa egin nahi genuen, iradokitzailea, ez beti esplizitua”.
“Bigarren bizitza bat”
Ondas sariak Lokatza-ri “bigarren bizitza bat” edukitzeko aukera izan daitekeela uste du Lasak. Podcastaren balioa nabarmendu du: “Podcastak balio dezake adibide gisa, baina baita ere hainbat eduki lantzeko tresna gisa, ikastetxeetatik hasi eta herrietako talde feministetara arte. Bokazio horrekin sortu genuen, ekarpen ezberdina egiteko asmoz; Jakin-ek aukera eman zigun horretarako, eta guk heldu genion”.
Saria jasotzearena sorpresa izan dela berretsi du, nahiz eta Lokatza-ren entzuleen iritziak jaso zituzten eta hori ere bazen egindako lanaren aitortza. “Jende askok esan digu kalitatezkoa iruditu zaiola, baita esaten zenaren mamiak ere ekarri duela arnas berri bat. Gainera, EITBko Podcasten kanalean entzunetakoa izan da”.
Saria maiatzaren 24an jasoko dute, Malagan (Andaluzia).