[Elkarrizketa] «Oraingoz gozatzen ari gara, beraz, atletismoan segituko dugu»
16 urterekin, atletismoaren munduan historia egiten ari dira biki sanjuandarrak. Bi aste barru munta handiko erronka izango dute: 2022ko Espainiako Kros Txapelketan Euskal Selezioaren sei ordezkarietako bi izango dira Aramendi anaiak.
Ezaguna da jada, udalerrian, Aramendi anaien izena, 16 urte besterik ez dituztela lorpen historikoak erdietsi baitituzte dagoeneko biki sanjuandarrek: Espainiako Kros Txapelketan 16 urtetik beherakoen kategorian garaile izan zen euren taldea iaz; lehen aldiz ekarri zuten, horrela, urrezko domina hura Euskal Herrira. Aurten berriro ere arituko dira Euskal Selekzioarekin Espainako Kros Txapelketan, 18 urtetik azpikoen kategorian oraingoan. Getafen (Madril, Espainia) lehiatuko da, martxoaren 13an.
Izan berri den Gipuzkoako Kros Txapelketan lehen (Ander) eta bigarren (Mikel) sailkatu dira gainera, estreinatu berri duten 18tik azpikoen kategorian. Horrez gain, Anderrek Mitxintxolako igoeran errekorra hautsi du aurten, inoizko denborarik onenean igota Pasaiako punturik altuenera.
Iñaki Lopetegi korrikalari ezaguna, osaba izateaz gain, entrenatzaile ere badute. Haiekin dihardu txikitatik.
Noiz hasi zineten korrika?
MIKEL ARAMENDI: Osabak [Iñaki Lopetegi] egun batean esan zigun ea harekin korrika egitera joan nahi genuen, probatzeko, eta mendira eraman gintuen. Arraroa den bezala [barrez] hura hizketan hasi zen eta esan zigun lasterketetan gure izena emango zuela, eta hala hasi ginen astean behin-edo entrenatzen.
ANDER ARAMENDI: Mendira joan ginen hori lehen kontaktu bat egiteko izan zen, probatzeko.
IÑAKI LOPETEGI: Hauek ez dira ongi gogoratzen! [barrez esan du], lehen lasterketa Antxoko San Silvestrea izan zen, Gabonetako oporretan. Hor txiki-txikiak ziren. Ordutik aurrera bai, krosetan-eta hasi ziren.
ANDER: Hor 7 edo 8 urte izango genituen. Zortzirekin entrenatzen hasi ginen jada.
Beste kirolen batean ere aritu zarete?
MIKEL: Egon zen urte bat non Ander eskubaloian aritu zen, eta ni futbolean, baina ez genion utzi korri egiteari.
Zein da gogoan duzuen lehen lorpena?
ANDER: Lasarteko krosa. Bera [Mikel] lehenengo gelditu zen, eta ni, ez dut gogoan… bosgarren edo zortzigarren.
Azken aldian errekorrak hautsi eta hautsi ari zarete… Nola ikusten duzue zuen burua atletismoaren munduan?
ANDER: Pozik gaude.
MIKEL: Oraingoz, nik uste, gurean zentratuta gabiltza eta gauza handiagoetan sartu gabe. Ez dugu pentsatzen super-super onak garenik, entrenatzen jarraitzen dugu hobetzen joateko.
Espainiako Kros Txapelketan izango zarete Euskal Selekzioarekin.
ANDER: Bai, eta hori prestatzen gabiltza. Bi aste ditugu oraindik aurretik.
LOPETEGI: Sei joango dira: irabazle probintzialak eta beste hiru teknikoen erabakiz. Horien artean bi izango dira Ander eta Mikel. Berez sailkatuta beharko lukete ezbairik gabe, Ander aurten Gipuzkoako txapelduna izanik eta Mikel txapeldunordea, baina ofizialki ez zuten hasieratik ezer esan; hilaren 23ra arte egon ginen ziurgabetasun horrekin zain.
Korrikalarien munduan segituko duzue.
MIKEL: Oraingoz egiten dugunaz gozatzen ari gara, beraz, atletismoan segituko dugu. Ametsa, tira, profesional izatera iristea litzateke.
ANDER: Bai, baina oso zaila da hori.