Eyheramendy eta Ruben, pala motzeko finalera
EPLEko bikotea igandean Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokatuko den finalean egongo da. Horrez gain, EPLEko Adur Etxezarreta pilotariak Zizurreko lau t'erdiko txapelketako finalerako sarrera lortu du.
Asteburuan jokatu ziren Euskal Ligako Ohorezko Mailako pala motzeko finalerdiak eta EPLEko bikote batek finalerako sarrera lortu du. Eyheramendyk eta Rubenek 35-40 menpean hartu zuten Sopelan Kurene klubeko bikotea eta igande honetan jokatuko den finalean izango dira. Finala Gasteizko Ogeta pilotalekuan izango da, eta aurkaria, Artepe klubeko bikotea. Jaialdia goizeko 10:00etan hasiko da, eta EPLEko palisten partida goizeko laugarrena izango da.
Txapelketa horretako beste finalerdian, Ezkerrok eta Abelek ezin izan zuten klubeko asteburu borobila osatu. EPLEko bikoteak 40-26 galdu zuen Lagun Artea klubeko bikotearen aurka Sestaon, eta finalerako sarrera lortu ezinik geratu dira. EPLEkoek txapelketa bikaina jokatu dute, baina ezin izan zuten euren finalerdia aurrera atera, eta finaletik gertu geratu dira.
Trinketean ere kanporatuak
Gipuzkoako eskuz binakako Lehen Mailako Trinkete Txapelketako finalaurrekoetan, EPLEko Tabernak eta Aranburuk 38-40 galdu zuten Mundarro klubeko Linares eta Gurutzealde bikotearen aurka. EPLEko pilotarian markagailuan atzetik joan ziren partida osoan zehar, baina norgehiagokari eutsi zioten, eta 38-36 aurretik jarri ziren. Mundarrokoen 0-4ko azken partzialak garaipena euren esku geratzea ekarri zuen.
Etxezarreta, finalera Zizurren
EPLEko Adur Etxezarreta Ardoi Pilota Elkarteak antolatutako Zizurreko lau t’erdiko txapelketako finalean sartu da. EPLEko pilotariak 18-13 irabazi zion Abantzu klubeko Odriozolari, eta finalerako sailkatu da. Final hori, martxoaren 12an jokatuko da, eta Etxezarreta Uruñuela klubeko Lararen aurka neurtuko da.