Edukiera mugarik gabeko antzerkia bueltan da
Kamikaz kolektiboa eta Ttak teatroaren 'Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi' antzezlana, hilaren 13an.
Oiartzungo Antzerkizaleen Elkartearen programatutako ikasturteak aurrera jarraitzen du. Hilaren 13an, igandearekin, Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana ikusteko aukera izango da udaletxeko pleno aretoan. 19:00etan hasiko da emanaldia.
Edukiera ohiko kopurura bueltatuko da: 100 sarrera jarriko dituzte salgai. Garmendi txokolategian jarriko dituzte salgai, datorren astean, 5 euroren truke.
Honakoa da Erika Olaizola, Iraia Elias eta Amancay Gaztañagak sortu eta jokatzen duten antzezlanaren sinopsia:
Esmeralda, Ines eta Ursula, arratsaldero, kanpai hotsekin batera, puntual elkartzen dira merienda mahai baten inguruan. Tisana, pasta, azukre eta pastelez betetzen dituzte gorputzak, beraien egunerokotasunaz hitz egiten duten bitartean.
Ba ote dakite, beraien bizitza beste norbaitek kontatua izan dela? Zein begiradatik izan dira sortuak emakume hauek? Nork idatzi du tinta lodiz historia? Historia kontatu diguten bezalakoa da?
Nork mugitzen ditu Esmeralda, Ines eta Ursula pertsonaien corset-en hariak?