Killirikupe, bizitzarako tresnekin norberaren burua zaintzen
Astero elkartzen dira emakume taldeko kideak, gai bati buruz hitz egin eta esperientziak partekatzeko. Terapia saioa izan gabe, terapeutikoa dela ziurtatu dute, eta ahalduntzeko balio duela azaldu dute.
Killirikupe emakumeen taldea orain dela 32 urte sortu zen. Hasieratik dabil bertan Maria Jesus Aranburu. «Ikusi nuen zerbait antolatu zutela, eta joan nintzen. Zerbaiten falta sumatzen genuen, baina ez genekien zer zen. Hasieran ez ginen konturatzen zertan ari ginen. Dena zen haurrak, senarrak… ez genuen denborarik gure artean ere egoteko», esan du Aranburuk.
Lourdes Isasa duela 12 urte hasi zen saioetara joaten, emakumeen autoestimuari buruzko hitzaldi baten amuari kosk eginda. «Hasieran zalantza asko nituen, baina gero adikto bihurtu nintzen. Argitu dizkit gaizki sentiarazi didaten gauzak, baina konturatzen ez nintzenak, hain naturalizatua baitugu bizimodu klase hau».
Mariaje Otaegi da kiderik berriena, eta azaldu du gai asko lantzen dituztela, baina oraindik gehiago lantzeko dituztela. «Urteetan ikasitakoa, berriro ikusi, aztertu, desikasi egin behar ditugu. Nik bi urte daramazkit bakarrik, baina ez bakarrik ostegunetako taldean. Ikasten dugu emakume taldean, gure arteko harremanetan-eta».
Ildo horretan, Pepi Mujikak esan du «askoz gehiago» ikasten dutela taldekideen artean irakasleekin baino, «berdinen arteko hizkuntza» hitz egiten dutelako.
Arantza Lete beteranoak adierazi duenez, emakume guztiek dute ezaugarri komun bat: zerbaitek ez zituen asebetetzen, jaso zuten heziketaren ondorioz. Gaur egun gazteek «beste motxila bat» dutela uste du, heziketa ezberdinaren emaitza gisa. Hala ere, dena ez da aldatu, Leteren ustez. «Asko ikusten da maitasun erromantikoarena, adibidez».
Askotariko gaiak
Killirikuperen saioetan hainbat gai lantzen dituzte, guztiak ikuspuntu feminista batekin: alardeak, feminizidioak, euskara eta emakumearen arteko lotura…
Otaegik azaldu du: «Abiatzen gara testu batzuen irakurketatik. Etxean prestatzen ditugu, eta saioan horren inguruan aritzen gara, ideiak komentatuz eta gure artean eztabaidatuz».
Letek, bere aldetik, argi utzi nahi izan du saioak ez direla terapia bat, nahiz eta efektu terapeutikoa izan dezaketen. «Saioetan landutakoak gure bizitzara moldatzen ditugu, komeni bazaizkigu. Self service bat bezala da. Dena hor jartzen duzu, eta bakoitzak komeni zaiona hartzen du, edo bertan uzten dugu. Ez digute errezetarik ematen, gure burua lantzen dugu».
Aranbururen arabera, gaiei heltzen diote foku informatiboa haien gainean jarri baino lehenago. Hala gertatu zen, adibidez, bullying-arekin edo Elizaren pederastia kasuekin. «Badirudi ematen ditugun gaiak entzunak izan baino lehenago landu ditugula. Lehenago agian ikusi izan ditugu gertatu direla, baina orduan ez genekien haren izenik». Denek bat egiten dute esateko zein garrantzia duen gauzei izena jartzea.
Osteguneroko saioak gidatzen dituzten psikologoek egiten duten lana goraipatu dute. Izan ere, irakasteaz gain, filmak eta testuak interpretatzen lagundu dietela azaldu dute. «Gogoan dut nola esan ziguten ‘liburu bat irakurtzen duzun momentuan, idazlea zu bihurtzen zara’. Bilobarekin elkartzen naiz, eta testu bera irakurtzen dugu. Kuriosoa da berak zer ikusten duen eta guk zer ikusi behar dugun. Bakoitzak berera ekartzen du», azaldu du Mujikak.
Irakurketa sakonagoak egiten laguntzen die saioetan jasotakoak. «Gizartea eratuta dagoen bezala, zailtasunak ditugu horiek ikusteko. Pantaila bat jartzen digute aurrean, eta ez gara kontziente. Hori gertatzen da propagandarekin, adibidez; dena orkestratua dago. Errealitate hori mingarria da, ez zaie komeni gizarte negarti bat egitea, zoriontsua baizik. Zoriontasun hori zertan oinarrituta dago? Hondarrezko baloi batean, hondarra joatean, akabo», esan du Letek.
Mujikak gehitu duenez, saioetan lortutako «bizitza kudeatzeko erremintei» esker, behintzat kontziente dira zoriontsu ez direnean: «Momentu gogorrak bizi izan ditut, baina hankak lurrean, nire buruari esaten diot zergatik nagoen gaizki: honengatik eta hargatik. Gogorragoa da gaizki sentitu eta ez jakitea zer gertatzen ari zaizun».
Isasaren arabera, egia jakiteak «libreago» egin ditu: «Momentuan mingarria izan daiteke, baina gero aske sentitzen zara». Taldearekin bat egin zuenean emozionalki estutasun batean zegoela gogorarazi du Isasak, eta pixkanaka askatzen joan dela.
Hiru hamarkada baino gehiago pasatu diren arren, oraindik gai «interesgarriak» jorratzen dituztela nabarmendu dute. Sekretua azaldu du Mujikak: «Nola liteke emakume talde bat izatea ez garena inoiz haserretzen gure artean? Bakoitzak bere iritzia botatzen du, eta hemen gelditzen da. Etxera joan, eta zure kontuak dituzu, baina pasatzen dituzu bizpahiru egun taldekide batek esan zuenari bueltak ematen».
Saioak ez ezik, txangoak eta bestelako jarduerak egiten dituzte. Oiartzungo emakumeak gonbidatu dituzte taldea ezagut dezaten: «Eltzea sutan jartzean probatzen da».