[Galeria] Uholde morearen aitortza, ahanztura sutara botatzeko
Oiartzungo Feministen Asanbladak deituta, ehunka emakume bildu dira gaur. Ezohiko ibilbidea izan du, emakumeei aitortza xumeak egiteko.
Ez dago pandemiarik mugimendu feminista geldituko duenik. Iazko behartutako etenaldia atzean utzita, ehunka emakume elkartu dira gaur arratsean, Oiartzungo Feministen Asanbladak deituta.
Manifestazio itxurako mobilizazioa, baina, ezohikoa izan da. Izan ere, bost geldialditxo egin dituzte ibilbidean zehar, aitortzak egiteko. Aitortza horien helburua orain arte ahanzturaren amildegian zeuden emakumeak ateratzea izan da. Askotarikoak izan dira oiartzuarren omenaldia jaso dutenak.
Osasun publikoa
Lehenengo geldialdiak, baina, kutsu aldarrikatzaileagoa —gainontzekoak gutxietsi gabe— izan du. Anbulatorioaren ondoan gelditu dira, eta adierazi dute egoera soziosanitarioak “azalean” utzi dituela zaintzaren gabeziak. “Are gehiago, egoerari aurrea hartu eta berrantolatu beharrean, murrizketekin hasi dira”, esan dute modu kolektiboan hainbat andrek irakurritako komunikatuan.
Adibideak zerrendatu dituzte: Oiartzungo anbulatorioaren ordutegi murrizketak, sexu-transmisioko gaixotasunetan espezializatutako zentroaren itxiera, doan lan egiteko eskaerak…
Horrez gain, COVID-19a dela eta, Osakidetzak 1.900 tumore detektatzeari utzi diola salatu dute, horietako 200 bularrekoak. Prebentzioan eta ikerketan sakontzea eskatu dute, baina baita ere babes sareak sortzekoa, “elkar zaintzeko”.
Zaintza kolektiboa eta heziketa nutrizionala aldarrikatu dituzte, baita ere “bestelako narratibak, esperientziak, ereduak, harreman motak eta aukerak”, osasun publikoan bertan.
Osasun mentalari ematen zaion arreta txikiaren gainean jarri dute fokua, eta batez ere emakumeek pairatzen dutenean “histeriatzat” jotzea. Ohartarazi dute nerabeen artatze psikologikoa %50 hazi dela pandemiaren eraginez. “Buru osasuneko zerbitzuak ez daude denon eskura, eta Osakidetzan hauspotu beharrean, EAJ eta PSE-EEk uko egin zioten arreta hau indartzeari”, esan dute.
Indarkeria obstetrikoa existitzen dela nabarmendu dute, eta amak babestuko dituen osasungintza exijitu. Gainera, medikuntzan “alborapen androzentrikoa” dagoela uste dute, eta ikerketek gorputz menstrualen ziklikotasuna kontuan hartzea aldarrikatu.
“Beraz”, gaineratu dute, “osasun eta zaintza kolektibo bat behar dugu, elkar entzungo duena. Osasuna ongizate osoko egoera da: fisikoa, psikikoa eta soziala”. Geldialdi horrekin bukatzeko, “pertsonengan eta komunitatearengan ardaztutako osasun-arreta” galdegin dute.
Hipatia eta labaderoa
Metro gutxi batzuk egin dituzte hurrengo geldialdira arte. Hipatiaren Lorategian geratu dira. Bertan, 2016an LH4n zegoen ikasle batek txokoaren toponimia azaldu du.
Gogorarazi duenez, ikasgelan filosofatzen hasi ziren, eta hausnarrean aritzeko txoko baten bila hasi ziren. Ibargainen topatu zuten, eta Epikuro filosofo heleniarraren izenarekin bataiatu zuten, kartel bat jarriz. Biharamunean, baina, kartela hautsita aurkitu zuten, eta lokalizazio berri baten bila hasi ziren.
Egungo txokoa aurkitu zuten, eta prozedura hasi zuten udalarekin. Epikuroren izena beharrean, Hipatiarena “egokiagoa” zela pentsatu zuten, ezagutzen den lehenengo emakume filosofoetakoa zelako. Alexandrian “gizonen itzalpean” bizi zela zehaztu du, nahiz eta matematikan eta astronomian jakintza handia zuen.
Segidan, aldapatxoa jaitsi eta Beheko Plazan geratu dira, labaderoaren ondoan. Alaia Martin Etxebesteren bertsoak kantatu dituzte, garbileku horretan arropa garbitzen aritzen ziren emakumeen omenez.
Azken txanpa eta akelarrea
Jarraian, Elorrondo kaletik, plazarako bidea hartu dute. Madalensoro pilotalekuaren ondoan emakume kirolari talde batek pankarta zeukan eskuetan, emakume izateagatik jasan dituzten traba guztiak gogoraraziz. Txaloak entzun dituzte.
Plazara iritsi aurreko azkeneko geldialdia Manuel Lekuona bibliotekan izan da. Goiatz Labandibarrek, Kontxa Murgia Egaña zenaren jaiotetxe ondoan, Oiartzungo hiru emakume idazleren izenak berreskuratu ditu ahanzturatik: Pilar Lekuona Etxabeguren, Maria Josefa Aristizabal Etxeberria eta Pepita Martiarena.
Haien izenak gogoratuz, “are hobea” izan daitekeen modu batean omentzea eskatu die entzun dienei: “Garai guztietako emakumeek idatzitako literatur lanak irakur ditzagun”.
Abiapuntura —plazan— iritsi dira, eta zuzien garrak argitu du ilunerako bidea hartzen ari zen arratsa. “Zapaltzen gaituen sistemari sua” irudikatu dute, akelarre baten bitartez. Dantza eta irrintzien ondoren, Ainara Lasa eta Garazi Aldarabordak 1611ra salto egin dute, eta Maria de Yllarra zena gogorarazi dute.
Imajinatu dute emakume hura “askea”, “indartsua” eta “jakintsua” zela, “Akelarreetan beldurrak erre eta aliantzak sortzeko adina jakintsua, indartsua eta askea”. [Hemen irakur daiteke testu osoa].
411 urte geroago, Oiartzungo plazan egin den akelarrean, feministek ere beldurrak erre dituzte, aliantzak sortzeko garaiaren beharra aldarrikatu dute, baita borrokatzekoa ere. “Zapaltzen gaituen sistemari sua! Gora Oiartzun feminista!” oihukatuz bukatu dute mobilizazioa, Zutik emakumeak kantatu baino lehen.