Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira adierazpena onartu du udalak
III. Berdintasun plana onartzea adostu dute alderdiek, eta dei egiten diete herritarrei gaur 19:00etan Gamon Zumarditik aterako den manifestaziora joateko.
Errenteriako Udalak Adierazpen Instituzionala onartu du Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira. Norbanakoen, kolektiboen eta erakundeen arteko elkarlana goraipatu, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren bidean lanean jarraitzeko prestutasuna adierazi du instituzioak.
Aipatutako helburua lortzeko hurrengo konpromisoak hartu ditu Errenteriako Udalak:
Batetik, udal-jardueran genero-ikuspegia txertatzea, III. Berdintasun Plana onartuz. Bigarrenik, indarkeria matxistaren biktimei arreta ematea udalaren baliabideak hauen mesedetara jarriaz. Herriko emakumeei ahalduntzeko programak eskaintzen jarraitzea eta espazio erreferenteak sustatzea ere erabaki du udalak.
Bestetik, talde feministekin eta emakume elkarteekin etengabeko komunikazioan jarduteko prest agertu da instituzioa. Azkenik, Euskal Udalen Sarean indarrak batzea eta tokiko gobernuekin batera berdintasunaren alde egitea proposatzen du.
Bide batez, Errenteriako Udalak dei egin nahi die herritarrei gaur arratsaldeko 19:00etan Mugimendu Feministak deitutako manifestaziora joateko. Manifestazioa Gamon Zumarditik abiatuko da.