[Galeria] Emakumeen eskubideen aldeko dei zabala kaleetan
Egungo sistema apurtzeko beharra aldarrikatu dute parte hartzaileek.
Emakumeen eskubideen aldeko manifestazioak Errenteria-Oreretako kaleak hartu ditu gaur arratsaldean. Manifestazio jendetsua izan da, gaurkoa, Martxoaren 8koa. Pankartak, bandera moreak, eta batez ere, emakumeek bizitzako arlo askotan jasaten duten diskriminazioa salatzeko gogoa agerikoa izan da. Ibilbidean zehar aldarriak nabarmenak izan dira: “Ez, ez, erasorik ez!”. Pankartetan ere egun munduan dauden gerra ezberdinen aurkako jarrera erakutsi dute hainbat emakumek.
Gamon Zumarditik abiatuta, Nafarroa etorbidea hartu, eta Alabergako biribilguneraino bertaratu dira parte hartzaileak, gero Viteritik abiatuta berriro Gamon Zumardian amaitzeko. Bertan, txalaparta jo ondoren, diskurtsoaren ordua heldu da. Bozeramaleek emakumez lepoz beteta zegoen zumardira zuzendu dira, eta egun indarrean dagoen sistemarekin apurtzeko beharra aldarrikatu dute.