Oihan Etxeberria, onena Zizur Nagusian
Nafarroako udalerriko lau t'erdiko txapelketa bereganatu du Oiarpekoak. Oiartzuarrak sei partidatan onenak izan dira asteburuan.
Aurreko asteburuan hasitako bolada onari jarraipena eman dio Oihan Etxeberriak. Aurrekoan binakako Euskal Herriko txapela eskuratu bazuen Mikel Leonetekin batera, asteburu honetan bakarka egin du balentria. Zizur Nagusiko lau t’erdiko txapelketa ekarri du Oiartzunera.
2006an jaiotako gaztetxoen mailako finala irabazi zion Oberena taldeko Daniel Sanchezi. Alde handiagatik irabazi zion, gainera: 7-18 bukatu zen partida.
Zizur Nagusiko txapela eramateaz gain, torneoko jokalari onenaren saria ere jaso zuen Etxeberriak.
Oiarpe pilota elkartearen gainontzeko partidei dagokienez, final horretaz gain beste zortzi norgehiagoka jokatu zituzten Oiarpekoek. Balantzea, oro har, ona izan zen, bost garaipen lortu baitzituzten horietan.
Emaitza guztiak ikusteko, egin klik hemen.