2022ko Kirol Sarirako hautagaiak proposa daitezke
Zazpigarren Kirol Astea izango da aurten, eta saria jasotzeko proposamenak jasotzen hasi da udala. Udazkenean izango da aurtengoa.
Kirol Astea zazpigarren aldiz egingo dute aurten. Berritasun bezala, 2022koa udazkenean izango da. Mantenduko den ohitura, berriz, Kirol Saria hautatzearena izango da.
Urtero bezala, herritarrek egingo dituzte proposamenak. Horretarako epea hilaren 31ra arte izango dute. Hautagai guztien artean erabakia hartuko dutenak herriko kirol elkarteek osatzen duten UKABEko kideak izango dira.
Kirol Saria Oiartzunen kirolaren munduan nabarmendu diren herritar, talde edo eragileei ematen zaie: lortutako emaitzak, egindako ibilbidea edo herrian kirola sustatzen egindako ekarpena aitortzea eta eskertzea da helburua.
Proposamenak egiteko bi modu izango dira: on-line (udalaren webgunetik) edo Elorsoro kiroldegiko sarreran jarri duten kutxatilan papertxo bat sartuz.
Palmaresa
Aurtengo ekitaldia zazpigarrena izango da. Honakoak izan dira orain arte irabazi dutenak: Girizia elkarteko kirol sailak; Periko Sanroma Haurtzaro Atletismo taldeko sortzaileak; xanistebanetako sokatira txapelketa herrikoia antolatzen duen Artaso Elkarteak; Ane Asensio atletak; Alain Isasa kenshiak eta iaz, Guruzne Azpiroz arraunlari ohiak.