PSE-EE San Markoko egoeraz kezkatuta agertu da
Udal gobernuak gotorlekuaren egoerari irtenbiderik ematen ez diola salatu dute sozialistek.
Errenteria-Oreretako PSE-EEk San Markoko gotorlekuaren instalazioak erabilpenik gabe daudela salatu du prentsa ohar baten bidez. Azken lau urtetan eraikina abandonaturik utzi dutela leporatzen dio talde sozialistak udal gobernuari. PSE-EEk dio gaiari buruz galdetu duen bakoitzean “kudeaketa ereduari buruz hausnartzen” daudela erantzun duela beti udal gobernuak.
Gainontzeko udalerrietan eta eskualdetan leku turistikoei balioa ematen zaien bitartean, Errenteria-Oreretan ezer gutxi egin dela azpimarratzen du PSE-EEko bozeramalea den Isaac Palenciak: “Udal gobernuko borondate eta gaitasun eza kritikatzen dugu. Aukerak galtzen ditugu, eta ez gaude inolako instituzioarekin lanean. Udalean bertan ez zaio gaiari irtenbiderik bilatzen”.