'Tipularen sehaska kanta' dokumentala Oiartzunen, hilaren 31n
Lander Garrok kartzela eta gaixotasuna aztertzen duen ikus-entzunezkoaren emanaldia antolatu du Oiartzungo Sarek.
Oiartzungo Sarek ikus-entzunezkoen emanaldia antolatu du hilaren 31rako. Tipularen sehaska kanta dokumentala emango dute ostegun horretan, 18:30etik aurrera, udaletxeko pleno aretoan.
Lander Garro oreretarrak zuzendu du, eta espetxea eta gaixotasuna aztertzen ditu. Zuzendaria bera hilaren 31ko emanaldian egongo da, eta solasean aritzeko aukera izango dute saiora hurbiltzen direnek.
Garrok Hitzari emandako elkarrizketan azaldu zuenez, kartzela eta gaixotasunaren arteko harremana lantzeko erabilitako elementu sinbolikoetako bat itsasoa da. “Kartzela da abismo batean erortzea bezala, eta gaixo baldin bazaude, belztasunez inguratuta eta gero eta oxigeno gutxiagorekin egotea da, ur azalera bueltatzeko itxaropen gutxirekin”, adierazi zuen orduan Garrok.
Dokumentala osatzeko beste hari muturra Miguel Hernandez poeta alacantarraren Nana de la cebolla da. “Poema horrek balio dio filmari ardatz bezala eta, era berean, arnasgune moduan. Ematen dizkizu baliabideak hitz egiteko oso gai ahitu bati buruz, baina hizkuntza ez ahitu batean”.