Amalur Sariak emango ditu lehenengoz Labore Oarsok larunbatean
Lehen ekitaldi horretan, elikadura burujabetzan aitzindari diren emakumeak omenduko dira. Aurtengo sariduna Maixabel Arretxe ekoizlea izango da.
Labore Oarso kontsumo kooperatibaren konplizeen azpitaldeak aurrenekoz banatuko ditu Amalur Sariak. Ekitaldi horretan, elikadura burujabetzan aitzindari diren emakumeak omenduko dira; hau da, egunero Errenteria-Oreretako merkatura euren produktuak saltzera bertaratzen diren emakumeei aitortza egingo zaie.
Horrez gain, eskualdeko hamaika baserritatik herriko merkatura urte luzez joan diren ekoizle eta baserritarrak ekarri nahi dituzte gogora, nahiz eta bereziki emakumeengan jarri den fokua; izan ere, geroz eta gutxiago dira merkatuetara bertaratzen diren ekoizleak.
Sari banaketa larunbatean izango da, hilak 19, 11:00etan, Xabier Olaskoaga plazan. Aurtengo sariduna Maixabel Arretxe izango da, urte luzez Oiartzungo bere baserri edota negutegietan ekoitzitako tomateak Errenteria-Oreretako merkatura eraman dituen emakumea.
Sari banaketa Labore Oarsok egingo badu ere, Errenteriako asanblada feministak, Emakumeen Etxeak eta Udalak ekitaldia antolatzeko eskaini duten laguntza goraipatu nahi izan dute Labore Oarsotik.