Bi gizon atxilotu dituzte, Pasaiako etxe batean lapurtu izana egotzita
Ebasketa etxekoak lo zeudela egin zuten. Esnatu zirenean etxea "hankaz gora" topatu zuten jabeek, eta salaketa jarri zuten Ertzaintzan.
Astearte goizean 31 eta 52 urteko bi gizonezko atxilotu zituen Ertzaintzak Donostian, Pasaiako etxebizitza batean lapurtu izana egotzita. Biek ala biek aurrekari penalak dituzte, eta atzo utzi zituzten agintari judizialen eskuetan.
Ebasketa etxekoak bertan lo zeudela egin zuten, gauez, eta goizean esnatu zirenean etxea “hankaz gora” topatu zutela aditzera eman dute agenteek. Besteak beste, dirua eta zenbait agiri zituen bi diru zorroren falta sumatu zuten jabeek, bai eta bi telefono mugikor eta tableta batena ere.
Ertzainek hasitako ikerketari esker jakin ahal izan zuten telefono mugikor bat eta tableta bat saltzen saiatu berri zirela Donostiako denda batean, eta berriki lapurtutakoekin bat egin zezaketela horiek. Hori jakinda, kalez jantzita zeuden bi agentek objektuak erosteko interesa zuten pertsonak zirenaren plantak egin eta susmagarriekin harremanetan jartzea lortu zuten.
Objektuak ebatsitakoak zirela berretsitakoan, ertzainak polizia gisa identifikatu ziren. Bi gizonezkoak “mugitzen” hasi zirela esan dute agenteek, eta eurak jotzen saiatu zirela. Hori horrela, etxean lapurreta egitea eta agenteen aurkako atentatua leporatuta atxilotu zituzten. Ertzaintzak egindako gorputz-miaketan, bati eskumuturreko erloju bat eta lurrungailu bat aurkitu zizkioten, biak ere Pasaiako etxetik eramandakoak.