Urrea Pasaia Kayakentzat, baita Eskola Kirolean ere
Joan den igandean Irunen hasi zen Gipuzkoako Eskola Kiroleko piraguismo lehia. Urdinen taldeko Gaizka Lopez nagusitu zen berriro ere.
Hasieratik buruan, Gaizka Lopez (74). Goialdean, Gorka Bravo (75), Iraitz Izagirre eta Asier Bulman taldekideak. Iragan igandean eman zioten hasiera Irunen udaberriko Gipuzkoako Eskola Kirolaren baitako piraguismo lehiari. Lurraldeko klubetatik etorritako kirolariez gain, Nafarroako eta Bizkaiko hainbat ere bertaratu ziren, proba irekia baitzen. Bertan izan zen, ezbairik gabe, Pasaia Kayaken harrobi gaztea.
Iaz bezala, Kimu eta Haurrek 1.500 eta 3.000 metroko ibilbideak, hurrenez hurren, egin behar izan zituzten. Haur mutilen kategoriako proba zen nagusia, eta Pasaia Kayakeko Gaizka Lopezek garaile izan zen, iazko udazkeneko proban erdietsitakoa errepikatuz. Haren taldean irabazteaz gain, partaide guztien artean azkarrena izan zen Lopez.
Proba berean baina B taldean (lehen urteko Haurrak) aritu zen Oinatz Alonso taldekidea, bigarren postua lortuta multzo horretan, Santiagotarrak taldeko Ibai Aranburu faboritoaren atzetik. A taldeko hainbat palista ere gainditu zituen Alonsok, bost besterik ez baitziren izan bera baino azkarragoak, orobat, proban.
