Igandean omenduko dituzte frankismoak zigortutako maisu-maistrak
Larunbatean, berriz, emakumeek gerrak nola jasaten dituzten azaltzen duen 'Ama,nora goaz' dokumentala proiektatuko dute Gezalan.
Hil honetarako Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren taldeak antolatutakoek, asteburuan izango dute gune gorena, bihar eta etzi.
Biharko (hilak 19, larunbata) dokumental emanaldia egingo dute Gezala Auditoriumean, 19:00etan hasita: Ama, nora goaz? ikus-entzunezkoa proiektatuko dute. Frankismoak haien herriak uztera behartutako emakumeen lekukotzak daude jasota lanean. Emanaldiaren ondoren, Garazi Jadicha emakume sahararrak gerrek emakumeengan dituzten ondorioez mintzatuko da.
Etzi (hilak 20, igandea) da egun handia. Etxetxok frankismoak zigortu zituen herriko irakasleak omenduko ditu, 12:30ean Herri Eskolan hasiko den ekitaldian. “Euren delitua izan zen eskola publikoa, laikoa, mistoa, euskalduna eta giza-solidaritatean oinarritutakoa praktikara eramatea. Horregatik, euren lanpostuen ‘depurazioa’ edo garbiketa eta hezkuntzako lanbidetik bazterketa jasan zuten”, zehaztu dute Etxetxotik.
Zehazki, honakoak dira igandean gogoan izango dituzten maisu-maistrak: Antonia Altuna Erkizia, Victoria Igarzabal Agirre, Maria Paz Ovejero Frias, Ricardo Fernandez Gallo, Jose Las Heras Miguel, Miren Gezala Sagarzazu, eta Isaak Goñi Latasa.
Omenaldiaren edukia, honakoa: plaka desestaliko dute, eta ondoren, Agurra dantzatu eta lore eskaintza egingo da bertan. Jarraian, koruaren saioa, hitzarteen tartea, eta musika emanaldia izango dira.