Lasterketa hurbila
Lezo-Jaizkibel. Halaxe du otsaileko lasterketak izena. Suziriaren leherketak iragarrita, herrigunetik Munttarrerako aldapetan zaildu dira lezoarron oinak, baita kanpoko lasterkarienak ere. Lehen aldapako ahalegin neurriz kanpokoaren ondoren, zirikuen lurraldean sartu gara. Zalantzak heldu nau, estualdiak gogoa lanbrotuta, ez baitakit ongi zer nolako begiradaz egiten dioten so gure lur kutunei.
Duda bera dut bertakoekin ere. Ingurumen heziketako mezuz josi gaituzte txikitatik: berde-berdea behar zuen etorkizunak, hondakinak bereizi behar ziren, ur gutxiago gastatu, eta beste makina bat eginahal natura zaintzeko. Azaritunboko talaiatik aurrera, gogoetan katramilatu naiz. Zerk egin du huts? Zergatik iruditzen zaigu natura baliabide iturri amaigabea? Eskerrak maldak leuntzera jotzen duela Zaskunen, pistara heltzeak lasaitua dakarrela izter-bikietan.
Erosotasunak halako ideietatik urrundu nau, eta lehen beroaldiaren ondoren, paradisu bihurtu da zeharkaldia. Orain gora, orain behera, pinu landaketetan egin du barrena bideak. Antzaldatzen joan dira tarteka, lekua egin diete gaztainondo eta ameztiei. Ohartuko al ziren korrikalariak basoen funtzio lasaigarriaz, perretxiko bilatzaileen zirraraz edo eta ura iragazteko eta higaduratik babesteko funtzioaz? Atzekoak aurreratu nau, ekin behar diot apur bat, Elortegira garaiz heldu nahi badut behintzat.
Ustekabean, neure buruko errotari ari naiz haize egiten. Ur biltegiak gogorarazi dit Jaizkibelgo urak edateko bikainak direla, eta Lezok hainbat ur hartune egokitu zituela herriko beharretarako. Inbertsioak aurrezteko, berriz, Añarbek hartuko omen du horien ardura. Ez dut ulertzen, ez dakar abantailarik. Nahastuta, musika antzeman dut. Heldu da su ebakia, eta lagunen indar mezuekin egin dut gogotsu gorantz. Euri langarrak Bidasoko ikusmira galarazten digu, baina, aizue, malda zikin hori igotzeko: mesede! Hareharriari gogor eutsita ari gara eskalatzen, harik eta tontorreko oihuek blaitu nauten arte.
Allerruko tartea da gogorrena. Nekez egiten da aurrera karranparik gabe. Abaildurak hauspotu ditu buruhausteak, eta laster adierazi didate su etena amaitu dela. Lezoko urak berdin-berdin erabiliko badira hemendik aurrera, zertarako oparituko diogu ura Añarberi gero saldu egingo badigu? Zergatik egin nahi diogu uko doako baliabide bati gero harengatik ordaintzeko? Amorraziotik, ziztu bizian egin dut behera: dorreak, Tiñelu, Sotxo, Xoxolur, Bekoerreka eta Ijurkotik herrigunera.
Etsipenetik ekin diet azken metroei. Zubitxora iristean erreparatu diot inork ez duela jarri aldarririk urik ez oparitzeko eskatzen. Ia bi orduko hausnarketaren ondoren, hauxe ebatzi dut: ez dugu begirada aldatu, zaratarik gabe galduko du Lezok premiazko ur baliabideen kontrola. Helmugara iristerakoan, etorkizun hurbila imajinatu dut, lezoarrak ur bila, bertakoa kanpokoei saltzen dietelako, trapujaleok ez dugulako hura ordaintzeko beste.