Pasaia Itsas Festibalak aurtengo ontzirik handiena aurkeztu du
'Oosterschelde', hiru makila eta 50 metroko luzerako ehun urteko goleta holandarra, Pasaiako uretan nabigatuko da maiatzaren 26tik 29ra.

2022ko Pasaia Itsas Festibalaren arduradunek aurtengo ekitaldian Pasaiako uretan nabigatuko duen ontzirik handiena aurkeztu du: Oosterschelde, hiru makila eta 50 metroko luzerako ehun urteko goleta holandarra.
Belaz dabilen itsas eraikuntzaren monumentu hori badian ikusi ahal izango da maiatzaren 26tik 29ra, hainbat nazionalitatetako beste 150etik gora itsasontzirekin batera.
Lehen Mundu Gerratik
Oosterscheldearen historia Lehen Mundu Gerraren ondoren hasi zen. Herbehereetako itsas industria, itsasontzi askoren galeraren eta fuelaren prezioaren igoeraren aurrean, belaontzietan inbertitzen hasi zen, arriskuak eta gastuak murrizteko.
Gauzak horrela, garai hartan halako 500 itsasontzi eraiki ziren Holandan. 1918an eraiki zuten Pasaiara etorriko den goleta Rotterdameko Sailing Ship Fondation-en.
Kargaontzi azkar gisa eraikia izan zen, baina orotariko uretan ibili da gaur arte. Oosterscheldeak egindako bidai aipagarrienen artean honako hauek daude: Antartidara bidaia 1994ean; edota munduaren inguruan bidaia 1996ko urritik 1998ko apirilera arte, Indonesia, Hong Kong, Japonia, Zeelanda Berria, Hornos lurmuturra eta Antartika bisitatuz.