42 urteko gizonezko bat atxilotu dute Pasaian, droga trafikoa leporatuta
Alkoholemia kontrol batean 23 speed gramo hauteman zizkioten gizonezkoari. Ihesari ematen saiatu zela esan du Ertzaintzak.
Aurrekari penalak dituen 42 urteko gizonezkoa atxilotu zuen Ertzaintzak, Pasaiako Udaltzaingoarekin elkarlanean, joan den larunbatean Pasaian. Susmagarriari 23 speed gramo hauteman zizkioten agenteek alkoholemia kontrol batean.
Gizona alkohol eta droga kontrol batean geldiarazi zuten larunbateko 20:30a aldera, furgoneta bat gidatzen ari zelarik. Alkoholemia proba egin zioten, eta agenteen arabera, hasieratik “oso urduri” jarri zen gidaria. Ertzainetako batek ibilgailuaren kanpotik ikusi zuen maletategian aluminio-paperezko bi bilgarri zeudela, eta “susmo txarra” hartu zienez, barruan zer zuten egiaztatu zuen.
Agenteak substantzia zuri bat zuten 28 poltsatxo txiki eta 7 pastilla aurkitu zituen; geroago egiaztatuko zuten 28 speed gramo zirela. Horren aurrean, susmagarriari furgonetatik ateratzeko eskatu zion agenteak, eta horrek “oinez ihes egin” zuela adierazi dute ertzainek. Bidean udaltzain batekin topo egin eta azken horrek geldiarazi zuen; gizona atxilotu zuten gero droga trafikoagatik.