Arrazismoaren eta xenofobiaren kontrako bidean aurrera egin dute
700dik gora lagunek egin dute bat Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako XXV. Martxarekin. Trintxerpetik Donostiara eman dituzte pausoak.
Gaur, hilak 21, Arrazagatiko Diskriminazioa Ezabatzearen Aldeko Nazioarteko Eguna da. Hori horrela, atzo, igandearen 11:30arekin, SOS Arrazakeria, Medicusmundi Gipuzkoa eta Euskadiko GGKE Koordinakundeak antolatutako Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako XXV. Martxa Trintxerpetik Donostiara abiatu zen, 57 erakunderen eta 700 lagun baino gehiagoren babesarekin.
Atzo emandako pausoekin, mugek “heriotza leku” izateari utz diezaiotela eskatu zuten. Aurtengo ekitaldian, Pasa izan da kanpainaren lelo nagusia, paperik ez duten eta mugak zeharkatu nahian bizitza jokatzen duten migratzaileek bizi duten babesgabetasun egoera salatzeko. “Zer gertatzen da Giza Eskubideekin?”, gaitzetsi zuten antolatzaileek.
Heriotzak migrazio mota bakarrean “pilatzen” direla salatu zuten SOS Arrazakeriako kideek, batez ere Afrikatik eta Asiako zonalde batzuetatik etorritakoetan, alegia. “Hildakorik ez dago hegazkinez iristen direnen artean, edo eta bisaren beharrik ez dutenen artean, nahiz eta geroago arazo larriak izan ditzaketen erregulazio administratiboekin. Baina horiek bestelako kontuak dira”.
25 martxa egin dituzte dagoeneko, baina uste dute egoera ez doala hobera. “Jende gehiegi geratzen ari da sartu ezinik, bidaia arriskutsuak eginaz eta bizia kolokan jarriz. Eta mundua hartzen ari den norabidea ikusita, badirudi ate joka datorren jende kopurua handitu egingo dela”.
Martxa babestu duten erakundeek “ekintzetara pasatzeko” eskaera zabaldu dute lau haizetara: erabaki politiko eta sozialak hartzea, migrazio fluxuak eta nazioarteko babes, asilo eta aterpe eskaerak hobe bideratzea funtsezkotzat jo dute. “Haiekin egon behar dugu, lagundu egin behar ditugu eta agintari politiko eta administrariei irtenbideak planteatu behar zaizkie. Inor ez da irla bat. Pertsona horien egoerak interpelatzen gaitu”.