Datorren sasoirako kamiseta egiteko lehiaketa abiarazi du Sanpedrotarrak
Marrazki irabazlea arraun elkartearen hurrengo denboraldiko kamiseten irudi izango da. Datorren ostiralera arte aurkez daitezke lanak.
Sanpedrotarra Arraun Elkarteak marrazki lehiaketa abiarazi du datorren sasoirako kamisetak diseinatzeko. Lanen gaia elkartea bera izango da, eta datorren ostiralera arte (hilak 25) aurkeztu ahal izango dira.
Parte hartzaile bakoitzak gehienez ere sorkuntza bat helarazi ahal izango die klubeko arduradunei posta elektroniko bidez. Horiek kamiseta morean eta kolore bakarrean inprimatuko dituzte, 29×37 zentimetroko tamainan.
Sorkuntza irabazleak datorren arraun denboraldiko sanpedrotarren kamisetak apainduko ditu, baina horrez gain, inprimatutako lehen alea ere jasoko du sortzaileak, eta Begihaundi tabernako bi hanburgesa oso jateko txartela ere. Bizilagunek faboritoa larunbatean hautatuko dute, estropada egunarekin, 13:00etan.