HAPOari buruzko partaidetza saioak, bihar, Trintxerpe eta San Pedron
Pasaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria diseinatzeko bilkura bana egingo dute barrutiko. Online ere parte har daiteke.
Pasaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) ekarpenak egiteko aukera izango dute bihar, asteartea, trintxerpetar eta sanpedrotarrek. Informazio- eta partaidetza-saio bana (elebitan) egingo dute barrutiko.
Udalerriko HAPO berria bigarren fasean da, Aurrerakinen fasea deritzotena. Horren helburua herriaren etorkizunerako planaren “zirriborroa aurreratzea” izango da, kokagune konkretu batzuetarako proposamen zehatzak eginez. Iritzia eman nahi duenak hartarako aukera izango du bihar, 18:00etan, San Pedroko Udal Aretoan edota Trintxerpeko Alkateordetzan egingo diren bileretan.
Donibane eta Antxon hilaren 15ean egin zituzten dagokien aurkezpenak, eta biharkoekin, fase honetako saio publikoak bukatutzat emango ditu udalak. Dena den, online parte hartzeko aukera zabalik izango da oraindik, hilaren 27ra bitartean, esteka honen bidez.