URA Agentziak hobekuntzak egin ditu Oiartzun ibaian
Fanderia eta Lartzabal auzoetako Oiartzun ibaiaren birnaturalizazio egitasmoaren barruan, Fanderiako ibai meandroaren kontserbazio eta egonkortze lanak garatu ditu URA Agentziak martxoan.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2022/03/oiartzun-erreka.png)
Fanderia eta Lartzabal auzoetako Oiartzun ibaiaren birnaturalizazio egitasmoaren barruan, Fanderiako ibai meandroaren kontserbazio eta egonkortze lanak garatu ditu URA Agentziak martxoan. Abenduan jazotako ur goraldiengatik, ibai eremu hori kaltetuta zegoen. URA Uraren Euskal Agentziak eta Errenteria-Oreretako Udalak sustatutako egitasmoa da, azken horrek idatzi eta onartutako Oiartzun Ibaiko Paisaiaren Ekintza Planean (2016-2025) jasota dagoena.
Egitasmoak ibai ekosistema horren bioaniztasun maila handitzea aurreikusten du ekintza ezberdinen bidez: faunarentzako hezeguneen eraikuntza, landaketak, haltzadi atlantiarraren berreskurapena, hegaztientzako eta saguzarrentzako kabi kutxak jartzea edota paisaiaren hobekuntzak.
Oraingoan, URA Agentzia hainbat jarduera burutzen ari da: baso landaketak, meandroko urmaelean txakurrak ez sartzeko babes itxitura ezartzea, ibai bazterra babesten duen egurrezko egitura indartzea eta flora exotiko inbaditzailearen populazioak ezabatzea.