Energia handiarekin iritsi da XXXVI. Lesoinu
Asteburutik apirilaren 10era arte hamasei ekitaldi jasoko ditu Lezoko Aste Pedagogiko eta Musikalak. Orotarikoak dira emanaldiak.
Lesoinu Aste Pedagogiko Musikala erreferentzia da. Ez bakarrik Lezon. Eskualdean, Gipuzkoan eta Euskal Herrian ere hala da. XXXVI. ekitaldia beteko du aurten kultura letra larriz herrira ekartzen duen egitasmoa: asteburu honetatik apirilaren 10era arte bada zer ikusi, entzun eta gozatu herrian: 12 egunetan, 16 ekitaldi daude. Lesoinu berezia da bere horretan, baina gaurko aurkezpen prentsaurrekoan argi utzi nahi izan dute partaideek udalaren kultur apustua urte osokoa dela, eta elkar elikatzen dutela urteko eskaintzak, eta Lesoinuk. Energiaz eta ilusioz beterik dator aste pedagogiko eta musikala.
Lezoko Udalak eta Tomas Garbizu Lezoko Udaleko Musika Eskolak elkarlanean antolatzen dute Lesoinu. Hiru hanka dauzka antolaketa zeregin horrek: udalaren partetik erakundea bera, bertako Kultura Saila, eta Tomas Garbizu Musika Eskola. “Urte asko daramagu elkarrekin lanean. Udalaren inplikazioa eta interesa ezinbestekoak dira Lesoinu aurrera ateratzeko. Baina nabarmentzekoa da urtean zehar ere udalak kulturarekiko duen jarrera ezin hobea. Dantza, musika eta antzerkia etengabe daude herrian. Lesoinun ere hala izango da. Arte Eskolaren bidean gara Lezon, eta gisa horretako emanaldiek hori erakusten dute”, adierazi du musika eskolako zuzendari Xanti Espinak. Musika arloa zabal dela adierazi du Espinak, eta aipatu du saiatzen direla Lesoinuren barruko egitaraua ahalik eta anitz eta erakargarriena izatea.
Ion Pombar Kultura zinegotziak ere elkarlanaren ideian sakondu du gaurko aurkezpenean: “Sailen arteko lankidetzarekin harro gaude. Horren ondorio da gaur aurkezten ari garen Lesoinu. Erabat pozgarria da kultura eta musika sailaren artean sinergiak lortu, eta horrek ematen duen emaitzak ikustea”. Pombarrek adierazi du udalak kulturarekiko egiten duen apustua “irmoa” dela, eta hala izaten jarraituko duela. Apustu horren emaitzak agerikoak direla zehaztu du Kultura arduradunak: “Lezo eskualdean erreferente izateaz gain, euskal kulturaren mapan kokatzea lortu du”.
Xehetasunak
12 egun, eta 16 emanaldi. Horien errepasoa Xanti Espina Tomas Garbizu Musika Eskolako zuzendariak egin du. Saioen nolakotasunaz argibideak eman ditu lehenik: horiek herriko musika eskolako ikasleen eta irakasleen emanaldi pedagogikoak, goi mailako musika ikasketak egiten ari diren gazteenak (Musikenen eta Nafarroako Kontserbatorio Gorenean), eta profesionalenak izango direla adierazi du. Espinak garrantzitsutzat eman du ikasleek aukera izatea musika eskolako geletan ikasitakoa herrian zabaldu ahal izatea: “Gure proiektu pedagogikoan oso inportantea da Lesoinu. Ez ditugu ulertzen musika eskolak, kontzerturik gabe. Ikasleak haietara joan daitezen gonbidatzen ditugu, baita gurasoak ere”.
Egitarauan begia jarrita, Espinak adierazi du Triq perkusio taldeak (apirilaren 6an da kontzertua) oso maila ona duela, eta aldi berean Euskadiko Gazte Musikarien emanaldian (apirilaren 9an) Euskal Herri osoko musikari gazteak izango direla, “oso jende potentea da”. Profesionalen alorrean, apirilaren 2ko Javier Berna eta Gorka Hermosaren Tangosophy ikuskizuna “oso berezia” izango dela azaldu du, saxofoia eta akordeoia uztartzen dituen bikote “bikaina” delako.
Aldi berean, Ana Maza kubatarraren emanaldian (apirilaren 3an) ere arreta jarri du musika eskolaren zuzendariak, “Frantzian bira handia egiten ari da, baina ez du bitan pentsatu Lezora etortzea. Txeloa jotzeaz gain, abesten du. Oso ona da”. H3o Quartet-en (apirilaren 8an) jazz doinuak ere nabarmendu ditu, eta azkenik, dantza eta piano doinuak uztartzen dituen apirilaren 10eko Arima ikuskizuna: “Amaia Elizaran eta Liam Omaonial fenomenoek bat egingo dute. Ikusgarria da”. Azken emanaldi horretan enfasia jarri du Xanti Val Kultura zinegotziak: “Amaiak aurretik bere dantzarekin maitemindu gintuen herrian. Orain, Irlandan rock izarren pareko den Liam Omaonialekin dator, hainbat musika tresna jotzen dituena gainera. Oso gomendagarria da saio hori”. Valek, bestalde, adierazi du Lesoinuren oinarrian dagoela musika pedagogian sakontzea, baina aldi berean musika ikasleen jakin-mina piztea ere badagoela sortzaile ezagunen emanaldiekin.
EGITARAUA
- Hilak 25, ostirala. 17:00etan, Gezalan, Tomas Garbizu Musika Eskolako ikasleen eta irakasleen tailer didaktikoa.
- Hilak 27, igandea. 20:00etan, Gezalan, Besarkada dantza ikuskizuna Nerea Martinezekin. 8 euro.
- Apirilak 1, ostirala. 11:00etan, Tomas Garbizu Musika Eskolan, kontzertu pedagogikoa.
- Apirilak 1, ostirala. 17:15ean, Gezalan, Zuhaitzak landatzen zituen gizona antzerki musikala Gorakada taldearekin 3 euro.
- Apirilak 2, larunbata. 20:00etan, Gezalan, Tangosophy ikuskizuna Javier Brtna (klarinetea) eta Gorka Hermosa (akordeoia) musikariekin. 8 euro.
- Apirilak 3, igandea. 10:00etan, herriko kaleetatik, Tomas Gabrizu Musika Eskolako Txistulari Taldearen diana.
- Apirilak 3, igandea. 20:00etan, Gezalan, Ana Mazaren kontzertua, La flor. Biolontxeloa jotzearekin batera kantuan aritzen da kubatarra. 8 euro.
- Apirilak 4, astelehena. 18:00etan, Gezalan, Tomas Garbizu Musika Eskolako ikasleen kontzertua.
- Apirilaren 4 eta 5ean. 4an 19:00etan, eta 5ean 18:00etan, musika ekoizpen digital ikastaroa Ion Jimenez Guerrerorekin.
- Apirilak 6, asteazkena. 19:00etan, Gezalan, Triq taldearen perkusio kontzertua.
- Apirilak 7, osteguna. 18:00etan, Gezalan, Tomas Garbizu Musika Eskolako ikasleen kontzertua.
- Aprilak 8, ostirala. 19:00etan, Gezalan, H3o taldearen jazz kontzertua.
- Apirilak 9, larunbata. 12:30ean, Aiton Bordatik hasita, kantu jira.
- Apirilak 9, larunbata. 19:00etan, Gezalan, Euskadiko Musikari Gazteak egitasmoko musikarien eta Sutargi abesbatzaren kontzertuak.
- Apirilak 10, igandea. 20:00etam, Gezalan, Arima dantza eta musika ikuskizuna Amaia Elizaran dantzariarekin eta Liam Omaonial Irlandako musikariarekin. 8 euro.