Oiartzuarrei gaur aurkeztuko diete Pirinioetako Bidea
Uztailaren 2an egingo den mobilizazioa aurkeztuko dute gaur arratsaldean. Lanen antolaketarekin hasiko direla adierazi dute.
Oarsoaldeko aurkezpena larunbatean egin zuten. Gure Eskuk eta Kataluniako hainbat eragilek mobilizazio jendetsua antolatu dute uztailaren 2rako. Higer eta Roses lurmuturren arteko gailurretara erabakitzeko eskubidearen aldarria eraman nahi dute.
Pirinioetako Bidea izena jarri diote mobilizazio horri. Pasa den larunbatean Oarsoaldeko aurkezpen ekitaldia egin zuten Errenteria-Oreretan, eta gaur arratsean Oiartzunen egingo dute.
Hitzordua 19:00etan jarri dute, udaletxeko pleno aretoan. Pirinioetako Bidea aurkezteaz gain, hura lantzen hasteko aprobetxatuko dute bilera.
Oiartzuarrei dagozkien gailurrak bi izango dira, etxetik ez oso urruti: Bianditz eta Errenga. Parte hartu nahi izanez gero, izena eman daiteke Gure Eskuren webgunean. Bi gailur horiek edonork igotzeko modukoak direla nabarmendu dute antolatzaileek. Gailur zailagoak igotzeko eskarmentudun mendizaleak bilatzen ari dira. Horien kasuan, e-posta bidez jarri behar dira harremanetan.
