Martxoaren 30ean, 'Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta' liburua solasgai
Arratsaldeko 18:30etan finkatu dute zita, Lekuona fabrikan. Joanmari Larrarte eta Egunkariaren batzordeko kideek hartuko dute parte.
Asteazkenean arituko dira Torrealdairen 'Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta' liburuaren inguruan. Joan Mari Torrealdairen “Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta” solasaldi zikloa jarri da martxan. Horren harira, datorren asteazkenean, martxoaren 30ean, solasaldia antolatu dute Errenterian. Hitzordua arratsaldeko 18:30etan finkatu dute, Lekuona fabrikan. Joanmari Larrartek aurkeztuko du saioa, eta Egunkariaren batzordeko kideek hartuko dute parte ere.
Liburuan zehar egileak berak, bere bizipenetatik abiatuta, 1990 eta 2003 artean Euskaldunon Egunkariak bizi izan zuen garapen eta zentsuraren inguruan hausnartzen du. Torrealdaik Egunkariko kide izan zen hasieratik, eta Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuenean, atxilotu egin zuten euskaltzalea. Liburuan zehar, horren guztiaren inguruko gogoetak jasotzen dira.
