PSE-EEk Mugi txartelarentzako neurri bereziak eskatu ditu
Horren harira, bihar Errenterian egingo den udalbatzarrean mozioa erregistratu du talde sozialistak.
PSE-EEk mozioa erregistratu du Mugi txartelaren tarifak sozialagoak eta ekonomikoagoak izateko. Sozialisten esanetan, energiaren eta erregaiaren igoerak sortu duen krisia ezin dute herritarrek ordaindu, eta hurrengo bi ekitaldietara begira hainbat neurri proposatu dituzte. Batetik, tarifen prezioaren izozketa proposatzen dute. Bestetik, laugarren tarte bat sortzea eskatu dute, doakotasuna handiagoa izateko. Azkenik, kolektibo sozial ahulen zerrenda handitzea adierazteko premia erakutsi dute.
Isaac Palencia bozeramalearen ustez, Mugiko tarifen modeloa babestu beharra dago: “Mugi sistemaren ekitatean eta justizian sakontzeko momentua heldu da”. Horregatik, askoz sozialagoak eta progresibagoak diren tarifen alde agertu dira sozialistak.