Irakurtzearen eta idaztearen aldarria album ilustratuan bildu dute Labandibar eta Zapirainek
'Hizkien alde manifestua' liburua aurkeztu dute. Haurrei zuzenduta dagoen liburua da, helduek hausnarketarako erabil dezaketena.
Apirilaren 3a —datorren igandea— Haur Literaturaren Nazioarteko Eguna izango da, eta data horren hurbiltasuna aprobetxatu dute irakurzaletasuna eta idazteko zaletasunak sustatzen dituen liburua aurkezteko.
Hizkien alde manifestua liburuaren berri eman dute gaur Goiatz Labandibar Arbelaitzek eta Iñaki Zapirain Retegik. Haurrei zuzendutako album ilustratua da, eta izenburuak iradokitzen duen bezala, manifestu formatuan idatzita dago. Denonartean Nafarroako argitaletxearekin publikatu dute.
“Normalean, manifestuak helduekin eta gai oso serioekin lotzen dira”, esan du Labandibarrek. Horri buelta eman nahi izan diote, eta aldarrikatu haurrak gai direla gaietan sakondu eta haiek partekatzeko.
Liburua idatzi eta ilustratzen hasi zirenean, 6 eta 10 urte arteko haurrak zituzten buruan, “idazten eta irakurtzen hasi dena”.
Manifestua bi zatitan sailkatu dute, bi dekalogotan. Labandibarrek argi utzi du liburuak ez duela narrazio lineal bat. Lehenengo hamar puntuek irakurlearen aldeko aldarria osatzen dute, eta bigarrenek, idazlearen aldekoa. Ordena hori ez da ausazkoa: lehendabizi irakurtzen ikasten baita, eta irakurtzen ikasi ondorengo sortzaile-sena ateratzen da idazterakoan.
Liburuan jaso dituzten mezuak argiak dira: Gustatzen zaizkidan ipuinak eta poemak irakurriko dizkiet lagunei, Nik aukeratzen dudana irakurriko dut edo Ez dut lotsarik sentituko idazten dudanarengatik bezalako esaldiak jaso dituzte. Gainera, literatura forma ahalik eta gehienak sartu dituzte, baita euskarri ezberdinetan irakur eta idatz daitekeela adierazi ere.
Irudiak, collage-n sortuak
Zapirainek azaldu duenez, ilustrazioen helburua dekalogoetan idatzitakoa adieraztea izan da. Jatorrizko irudiak sortzeko collage metodoa erabili du oreretarrak, eta horretarako liburu zaharren zatiak itsatsi zituen.
“Xehetasun handiko marrazkiak dira, eta horiek ere irakur daitezke, testuak esaten duenean sakontzeko”, esan du Zapirainek. Errepikatzen ez diren pertsonaiak erabili ditu, eta batzuetan marrazkietan bertan ere idatzi du. “Batzuek kontakizunari ekarpena egiten diote eta beste batzuek helburu estetikoa dute”, zehaztu du.
Haurren parte-hartzea
Liburua era “ludiko eta pedagogiko” batean idatzita dagoela nabarmendu dute. Haurren euren parte-hartzea bilatu nahi dute, eta liburuaren bukaeran manifestuaren alde sinatzeko txokoa gorde diete, irakurzaletasuna eta idazteko zaletasuna bere egin dezaten. Irakurzaletasuna sustatzen dutenei aitortza izan nahi du, halaber.
Haurrez gain, helduei ere gonbita egin diete liburua irakur dezaten. Bi dekalogoen hogei puntuekin hausnartzera animatu dituzte. Edozein adin egokia delako liburuetan murgiltzeko.